Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Urrezko hiru puntu Butarquen (1-2)

Eibarrek denboraldiko lehen partida irabazi du etxetik kanpo Leganesen aurka markagailua irauli eta gero

Eibar Leganesi gailendu zaio Ligako hamabigarren jardunaldian. Armaginek urrezko hiru puntu lortu dituzte Butarquera egindako bisitan eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu dute etxetik kanpo. Gorri-urdinek ez diote lehiari aurpegia galdu Leganese neurketaren hasieran gola egin badu ere. Armaginek beren aukera itxaron dute eta hala, markagailua iraultzea lortu dute Charlesek eta Kike Garcíak egindako goleei esker.

Ez da era onean hasi norgehigoka Eibarrentzat. Leganes hasi eta berehala aurreratu da markagailuan En-Nesyriren golari esker. Aurrelari marokoarrak ederki baliatu da eibartarrek defentsa lanetan egindako akatsaz etxeko taldea aurreratzeko. Armaginak, ordea, ez dira urduri jarri. Hala, 19. minutuan Charlesek berdinketaren gola eskuratu du Coteren erdiraketa era ezinhobean errematatu ostean.

Neurketa oso berdinduta egon da partida osoan zehar, bistakoa zen lehia detaile txikietan erabakiko zela. Bigarren zatian, bi taldeak errespetu handiz jokatu dute, bietako inork ez zuen arriskatu nahi. Leganesek aurrepausua eman du eta gertu egon da bigarren gola egitetik. Rosalesek gehiegi gurutzatu du área kanpotik egindako jaurtiketa.

Eibar, aldiz, kontraerasora ateratzeko abagunea itxaroten ari zen. Azken minutuetan, lehia berdinketarekin amaituko zela zirudienean, Kike Garcíak Orellanaren pasea jaso eta bakarrik gelditu da Cuellaren ate aurrean. Aurrelariak bikain jaurti eta garaipenaren gola egin du.