Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Urrats handia helbururantz (1-2)

Armaginek bigarren garaipena eskuratu dute jarraian eta jaitsiera postuetatik urrundu dira

Eibarrek Granadaren etxean irabazi du Ligako 32. jardunaldian. Armaginek bigarren garaipena eskuratu dute jarrain eta helbururantz izugarrizko urratsa eman dute. Mendilibarren mutilek bazekiten jardunaldi egokia zela hiru puntuak eskuratzeko eta ez dute hutsik egin. De Blasisek eta Kike Garcíak garaipena eman diote taldeari Los Carmenes Berrian.

Konfiantzaz Beteta irten da taldea berdegunera. Valentziaren aurka lortutako garaipenaren ostean, armaginek gehiago nahi zuten. Hala, markagailuan aurreratzea lortu dute lehen zatiko lehen ordu laurdenean. Kike Garcíak, baloia ederki jaitsi ondoren, pase bikaina eman dio De Blasisi sakonean eta honek Escandell gainditzea lortu du baloia bikain loratu eta gero. Kontrolpean izan du lehen zatia Eibarrek, nahiz eta bigarrena egiteko aukera garbirik ez duen izan.

Bigarrenean, ordea, gauzak aldatu egin dira. Hasi eta berehala, Soldadok berdinketa ezarri du markagailuan. Aurrelariak bigarren zutoinean burukatu du eskuin hegaletik jasotako erdiraketa. Eibartarrak ez dute etsi, Granadaren minuturik oneneak iritsi badira ere, lanean jarraitu dute.

Kike Garcíak abagune garbia izan du bigarrena egiteko, baloia gora bidali du dena alde zuenean. Bigarrean, aldiz, aurrelariak ez du barkatu. Orellanaren erdiraketa sare barrura errematatu du penalti marratik. Eibarrek hirugarrena egiteko abagunea izan du De Blasisen oinetan, baina argetinarrak ez du asmatu Escandelen aurrean.

Armaginek beste hiru puntu lortu dituzte eta denboradiko bigarren garaipena eskuratu dute. Une erabakigarrian taldeak aurpegia eman du berriro ere, ausardiaz jokatuz, eta jaitsiera postuetatik aldentzen duen garaipena eskuratu du.