Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibarrek marketin-sailaren datorren urteko nobedadeak aurkeztu ditu

Amaia Gorostiza presidentea ekitaldian izan zen

SD Eibarreko presidentea, Amaia Gorostiza; zuzendari kudeatzailea, Patricia Rodríguez; eta marketin-zuzendaria, Gema Baqué gosari informatibo batean izan dira gaur goizean, saileko beste kideekin batera (Ainara López de Viñaspre eta Nagore Elorza). Bertan, datorren denboraldian sail horretan izango diren nobedadeak aurkeztu dituzte.
Lehen aldiz hitza hartzean, Amaia Gorostizak esan du marketin-saila «ezinbesteko elementua dela edozein enpresatan baita, nola ez, punta-puntako futbol-klub batean ere».
«Eibarren dagokion garrantzia ematen diogu marketin-sailari eta gure nahia sail hori indartzea da, futbolaren maila gorenean gure posizioa sendotzeko oinarrietako bat izan dadin».
Bestalde, Gema Baquék, saila osatzen duten pertsonak aurkeztu eta gero, klubaren bi babesle garrantzitsuenekin (Avia eta Wiko) hitzarmenak berritu direla jakinarazi du. Gainera, elastikoaren besorako babeslea geratzen da ixteko, datorren urtean ez baitu Eibarko Udalaren irudia eramango. Horretaz gain, gainerako babesle eta iragarleen hitzarmenak berritzeko prozesua martxan da dagoeneko.
Klubaren nazioartekotzeari dagokionez, AEBko denboraldi osteko bidaiaren esperientzia positiboaren ondotik, Gema Baquék esan du helburuetako bat Txina eta Japoniako merkatuetara hurbiltzea dela, hainbat ekimenen bitartez.
Beste albiste bat abonatuen txartelen berritzea izan da. Guztiak erabilgarri izango dira abuztuan, denboraldia hasten denean.
Ekialdeko tribunako obrak amaitu arte (urtarrilera arte, epeak betetzen badira), Eibarrek ezin izango du, espazio-falta dela-eta, sarrerarik saldu, ez eta kanpoko taldeei sarrerarik eskaini.
Klubak eserlekuak uztea sustatuko du. Horrela, Ipuruara joan ezin daitezkeen abonatuek beren lekua klubaren esku utzi ahal izango dute, eta sarrera-prezioaren %40 jasoko dute azkenean sarrera hori norbaitek erosten badu, gehienez ere urteko abonamenduaren % 50era arte.
Klubaren kirol-materialaren eta bestelako promozio-produktuen salmentei dagokienez, Baquék esan zuen Klubak denda bat izan nahi duela Ipuruan, baina Eibarren denda nagusia Askasibar izango dela. Horretaz gain, online denda ere martxan izango da. Klubak salgai dauden produktuen katalogoa handitzeko asmoa du.
Marketin-zuzendariak nabarmendu du, halaber, udako campusak inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan dituela, eta abuztutik aurrera lehen taldeak autobus berria izango duela, modernoagoa eta funtzionalagoa.
Era berean, azpimarratu du Klubak robotika-ikastaroak abiaraziko dituela ikasleentzat irailetik aurrera, Wikorekin eta Eibarko Udalarekin batera.