Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibarrek Ipuruako partidetan indarrean dauden segurtasun-neurriak gogorarazi nahi ditu

Jarraian armaginen futbol-zelaira sartzen diren jarraitzaileak derrigorrean bete beharreko arau sorta zehazten da.

Abonatuei eskatzen zaie arau guztiak betetzen dituen txartela eramatea eta txartelari dagokion erabilera ematea (erretiratuen txartela, haurrena, etab.). Edozein irregulartasun aurkituz gero, txartela daramanari ez zaio zelaian sartzen utziko. Bere egoera Klubaren bulegoetan zuzendu ahal izango du, eta ateak zabaltzen diren unetik egongo dira irekita bulego horiek.

Ikusle bakoitzak bere sarrerari dagokion eserlekuan egon behar du. Arau hori betetzen ez duten ikusleei partidaren edozein unetan eskatu ahal izango zaie dagokien lekura bueltatzeko.

Larrialdietako ebakuazio-bideak direnez, biziki garrantzitsua da harmailetako plataformak eta sartzeko eskailerak libre egotea partidan.

Zelaira sartu eta ondoren handik irten diren ikusleek ezin izango dute berriz zelaira sartu. Atsedenaldian irteten direnek ezin izango dute berriz sartu.

Debekatuta dago mendebaldeko aldean dagoen ondoko zelaira sartzea edo hori edozer gauzatarako erabiltzea.

Zaletuei eskatzen zaie motxila, poltsa edo zorrorik ez ekartzea, eta ez sartzea alkoholdun edaririk, guztia ere errazago sartzeko eta segurtasuna bermatzeko. 19/2007 Kirol Legean ezarritakoaren arabera, debekatuta dago estadiora hurrengo objektuekin sartzea:

  • Edozein motatako armak
  • Piroteknia-elementuak
  • 1 m X 1,20 m baino handiagoak diren oihal, pankarta edo banderak
  • Edozein motatako substantzia estupefazienteak
  • Edari alkoholdunak, mota guztietako edarien potoak, 33 cl-tik gorako ontziak. 33 cl-tik beherakoaei (plastikokoak badira), tapoia kenduko zaie
  • Maskotak (baldin eta justifikaturiko arrazoirik ez badago eta aldez aurretiko baimenik ez badute)
  • Laser-erakusleak
  • Jaurtitzeko elementuak edo jaurtigai bezala erabili daitezkeenak
  • Kosmetikoak eramateko estutxe, maleta, zorro eta motxila handiak

Posible da zelaira haurren orgatxoarekin sartzea sarrerako atean ematen diren jarraibideei men egiten bazaie: haien ardurapeko umearekin dagokien eserlekuan eseriko dira, ez dituzte dagozkienak baino eserleku gehiago hartuko, gainean daramatzaten poltsa guztiak miatuko dira, eta orgatxoak horretarako prestaturiko eremuetan utziko dira, ebakuazio-bideak libre utziz.

Ezin da zelaira talde ultren sinbologia edo ikur politikoekin sartu, ezta indarkeria sustatu edo pertsonak edo entitateak irain ditzaketen edo arrazista edo xenofoboak diren lema politiko edo idazkunekin ere.

Klubak gogorarazi nahi du debekatua dagoela irainak edo oihu arrazistak edo xenofoboak oihukatzea, eta hori egiteak balitekeela biolentziaren kontrako batzordearen zigorra sorraraztea.