Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibar eta AVIAk babesletza-hitzarmena beste denboraldi batez luzatu dute

SD Eibarrek hurrengo denboraldian ere AVIAren irudia eramango du elastikoan, petrolio-operadore horrekin duen hitzarmena luzatu eta gero.

Lehen mailan egingo duen hirugarren denboraldirako prestatzen ari da talde armagina, ez kirol-arloan bakarrik, baita kudeaketari dagokionez ere. Horren adibide argia da babesletza-hitzarmenaren berritzea, gaur goizean Ipuruan egindako ekitaldian komunikabideen aurrean ezagutarazi dutena. Horren eraginez, akordio garrantzitsu bat sendotuko da.

 SD Eibarren elastikoak AVIAren irudia eramango du aurreko aldean aurten ere, eta hura izango da marka nagusia 2016-2017 denboraldiko arropa teknikoan.

 

AVIAri buruz

Egoitza Gipuzkoan duen AVIA petrolio-operadore independente indartsuenetako bat da estatu mailan: 161 erregai-zerbitzuguneko sarea du, 28 probintziatan eta 13 autonomia-erkidegotan banaturik. Gainera, AVIAk gasolioa azken kontsumitzaileari banatu eta hornitzeko sare zabal bat ere badu, nekazaritzan, automobilgintzan, industrian edo berokuntzan erabiltzeko. Horretarako, 20 gas-zentro dauzka eta, automobilentzako eta industriarako lubrifikatzaile-marka propioa ere bai.

 

SD Eibarrekin sinatu berri duen hitzarmen honekin AVIAk beste behin ere erakusten du kirolarekin eta gertuko inguruarekin duen konpromisoa. Iaz taldea babesteaz gain, 2014an kapital-zabalpenean ere parte hartu zuen. Alor horretan, nabarmentzekoa da halaber Bera Bera eskubaloi-taldea babesteko duen hitzarmena edo beste kirol batzuetan (txirrindularitza, arrauna edo pilota) dabiltzan klubekin dituen akordioak.