Skip to main content
EU
Fundazioa

SD Eibar Euskal Selekzioaren Urteurrenaren erakusketan izan da

Kluba Euskal Selekzioaren Urteurrena dela eta egin den erakusketaren irekieran izan da, eta bere ekarpena egin nahi izan du bertan hainbat objektu utzita.

1915eko urtarrilaren 3an Euskal Selekzioak 6 eta 1 irabazi zion Catalunyako Selecció-ari Bilbon. Ehun urte geroago, 2014ko abenduaren 28an, Euskal Herriko eta Catalunyako selekzioek bana berdindu zuten San Mames Barrian. 100 urte hauetan zehar gauza asko aldatu dira futbolaren inguruan, besteak beste, historian lehen aldiz, Selekzioan 5 jokalari armagin izan ziren -Irureta, Bóveda, Dani García, Capa eta Arruabarrena- 7 urtetan zehar ordezkaririk gabe egon ostean.

SD Eibar Urteurrena dela eta egin den "Ametsen bila / En busca de los sueños" erakusketaren irekieran izan zen herenegun, non Klubak bere ekarpena egin nahi izan zuen, bertan hainbat objektu erakusgai jarriz, hala nola, elastiko bat, Xabi Irureta atezainaren eskularru pare bat eta neguko baloi ofizial bat.

Joseba Gotzon erakusketaren antolatzaileaz gain, Ricardo Aristondo, SD Eibarren kontseilaria; Josu Ruiz, Donostiako Udaleko Kirol eta Ekonomiaren Garapenerako Zinegotziaren ordezkaria; Juan Luis Larrea eta Patxi Gabilondo, Gipuzkoako Futbol Federakuntzaren lehendakari eta idazkaria; Leire Landa, Anoeta Kiroldegiaren Zuzendaria; Mikel Etxarri, Euskal Selekzioaren hautatzaileetako bat; Iñaki Gabarain, Ernest Lluch Kultur Etxearen Zuzendaria eta Joseba Ibarburu zein Nekane Soria Real Sociedad taldeko kontseilariak izan ziren bertan.

Erakusketan, joan den mendean zehar talde euskaldunak erabili duen materiala egongo da ikusgai. Artikulu guztien artean, 1915an erabili zen lehen kamiseta, baloi ezberdin ugari, botak, eskularruak, ikurriñak, txilibituak, eta abar aurki daitezke. "Ametsen bila / En busca de los sueños" apirilaren 30era arte egongo da zabalik, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, Anoeta Estadioaren 4. atearen ondoan dagoena.