Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Riesgo: Errealaren kontra, partidu irekia espero dut

Eibarreko atezainak berarentzat “Errealaren aurkako partidu guztiak bereziak” direla aitortu du

Asier Riesgok, SD Eibarreko atezaina, gaurko prentsaurrekoan adierazi du larunbatean 13:00etan Errealaren kontra “partidu irekia” espero duela Ipuruan.

Atezain armaginak sei denboraldiz jokatu zuen Errealan. “Niretzat Errealaren aurkako partidu guztiak bereziak dira” nabarmendu du.

“Neurketa zaila izango da, giro ederrarekin. Haiek oso jokalari onak dituzte eta guk intentsitate handiarekin jokatzen dugu. Partidu zaila izango da, eta are gehiago derbia izanda. Partidu ona egitea eta irabaztea espero dugu”. Atezainak ez du iragarpenik egiten: “intentsitate handiarekin jokatzea eta irabaztea nahi dut, berdin zait emaitza”.

“Jendea ez dago ordu horretan futbolera joaten ohituta, baina larunbata izanda, seguru giro ederra egongo dela. Kalea eta zelaia topera egongo dira eta partidu polita izango da. Nahiz eta ordu arraro batean izan, ez da gehiegi nabarituko”.

“Haiek konfiantza handiarekin etorriko dira eta irabazteko gogoz, atzoko 4-1eko emaitzaren ostean. Kasu honetan haiek dira irabazi eta gero konfiantza eta lasaitasunarekin etortzen direnak. Guk geure partidua egin beharko dugu, intentsitate handiarekin jokatuz eta ondo defendatuz”.

“Atzo ondo atera zitzaien. Hasi bezain laster gola egin zuten eta gero penaltia etorri zen. Neurketa euren alde jarri zen oso goiz. Kalitate handiko jokalariak dituzte erasoan, baina gu ondo defendatzen ari gara. Ildo horretan jarraitu behar dugu, partidu ona egin eta irabazten saiatu”.

Bere ustez, Eibarrek “orokorrean partidu ona” egin zuen asteartean Málagaren aurka. “Baloia izan genuen eta haiek baino hobeto aritu ginen, baina atsedenaldira joan baino lehen jasotako golak min handia zigun. Málaga ez zebilen ondo eta horrek hegoak eman zizkion. Bigarren zatia parekatuagoa izan zen, haiek gora joan ziren eta jokaldi batean norgehiagoka desorekatu zuten”.

“Ondo ikusten dut taldea, ondo konpetitzen dugu. Hori oso seinale ona da eta sentsazio ona ematen dugu. Akats gutxiago egiten saiatu behar gara, hutsegite horiek baitira balantza alde batera edo bestera mugitzen dutenak. Agian Málagan faltan bota genuen baloia geneukanean jokaldiak bukatzea. Azken partidak begiratzen baditugu, partiduaren bila joateagatik galdu genuen hau. Ezin izan genien eutsi haiek gehien estutzen zutenean. Partidua irabazten saiatzen jarraitu genuen eta, kasu honetan, galdu genuen”.