Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Puntu historikoa Santiago Bernabéun

Eibarrek bana berdindu du Real Madrilen aurka

Eibarrek ez zuen orain arte inoiz punturik lortu ezta golik sartu Santiago Bernabéu futbol zelaian, Real Madril Europako txapeldunaren etxea. Baina gaur, Mendilibarren gizonek bolada txar hori hautsi eta erraz ahaztuko ez duten puntu bat ekarri dute Eibarrera.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi zen armaginentzat. Izan ere, siestarako astirik utzi gabe, 6. minutuan Fran Ricok sarera errematatu zuen Pedro Leónen erdiraketa dotorea. Gol historikoa izan zen, eibartarren lehenengoa Santiago Bernabéun. Kolpea hartu ondoren, Real Madril berdinketaren bila joan zen, eta baita aurkitu ere. 17. minutuan, Cristiano Ronaldok erdiratu eta gero, Balek 1-1ekoa egin zuen buruz. Denbora asko geratzen zen, baina armaginak ez ziren kikildu.

Golarekin, madrildarrak lasaitu ziren eta Eibarrek markagailuan berriz aurreratzeko aukerak sortzen saiatu zen. Etxekoek baloiaren jabetza zuten, baina ez zuten arrisku gehiegirik sortzen. Armaginek, ordea, kontraerasoak bilatzen zituzten. Horrela, markagailuan berriz aurreratzeko gol-aukera dezente izan zituzten eta lehen zatiko azkeneko minutuetan Real Madril bere arean giltzapetu zuten, baina atsedenaldia iritsi zen eta emaitza ez zen mugitu.

Aldageletatik atera bezain laster, partidaren norabidea aldatzeko asmoz, Zinedine Zidane Real Madrileko entrenatzaileak aldaketa bikoitza egin zuen. Varane eta Benzema kendu, eta Nacho eta Morata zelairatu zituen. Hala ere, Eibarrek arrisku handiagoa sortu zuen bigarren zatiaren hasieran. Etxekoak, 2-1ekoa egiteko gertu egon ziren, Moratak jokoz kanpo sartutako gola eta Balek zutoinera bidalitako jaurtiketa baten bitartez, baina armaginek primeran erantzun zuten Sergi Enrich, Pedro León eta Mauro Dos Santosen saiakerekin. Eibartarrak ez ziren inoiz uzkurtu, nahiz eta hain estadio mitikoan jokatu eta aurrean maila handiko aurkaria izan, eta taldean lan eginez helburu handiak lor daitezkeela erakutsi zuten. Epaileak azken txistua jo zuenean, Eibarreko jokalariek berdinketa historikoa ospatu zuten eta Madrilera bertaraturiko zale armaginei eskaini zieten. SD Eibarreko oroimenean grabatuta geratuko da gaurko arratsaldea.