Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Porrota Elxen aurka (1-0)

Armaginek gol bakar batengatik galdu dute Martinez Valerora egindako bisitan

Eibarrek Elxen aurka galdu du Ligako 24. jardunaldian. Armaginak esku hutsik itzuli dira Martinez Valerora egindako bisitan eta 2021ean bigarren garaipena lortu ezinik jarraitzen dute. Dani Calvoren burukada batek etxekoen alde erabaki du neurketa.

Mendilibarren mutilek lehen zatian izan dituzte aukerak garbienak, eta emaitza hobea merezi izan dute atsedenaldira. Hasi eta berehala, Sergi Enrichek eskuinetik errematatu du Pedro Leonen erdiraketa ona, baina Badiak burukada gelditu du. Minutu batzuk geroago, Bigas geldikako jokaldian saiatu da, baina errematea desbideratuta atera zaio.

Lehen ordu erdia jokatuta, norgehiagokako gol bakarra iritsi da. Etxekoen lehen aukera argian, Dani Calvok sare barrura bidali du eskuin hegaletik jasotako erdiraketa Armaginek erreakzionatu egin dute lehen zatiko azken minutuetan. Kike Garciak berdinketaren gola izan du bere oinetan, baina jaurtiketa gurutzatuegia atera zaio.

Bigarren zatian, Eibar lehen zatiko ildoa jarraitzen saiatu da. Pedro Leon berdinketatik gertu egon da Cotek ezker hegaletik egindako jaurtiketa ona errematatuta. Hala ere, Elx gehiagora joan da eta bigarrena sartzeko aukerak izan ditu kontraerasora. Gutik eta Josanek gol aukera bana izan dute baina ez dute asmatu Dmitrovicen aurrean.

Azken txanpan, Mutok abagune garbia izan du berdinketa egiteko. Pozok eta Bryanek jokaldi ona egin ostean, japoniarrak ez du asmatu errematean. Lhen aldiz gelditu da Eibar etxetik gola egin gabe eta hala punturik batu gabe itzuli da Elxetik.