Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Porrot gogorra Vila-realen aurka (1-3)

Armaginek ez dute bolada txarra etetea lortu Ipuruan

Eibarrek Vila-realen aurka galdu du Ligako 27. jardunaldian. Armaginek ezin izan dute Ipuruako bolada txarra eten, behin eta berriro ahalegindu diren arren. Emeryren taldea bi aldiz aurreratu da lehen zatian. Eibartarrek ez diote aurpegia galdu norgehiagokari eta markagailuan hurbildu dira. Zoritxarrez kanpoko taldeak kontraerasora erabaki dute lehia.

Moi Gomezek aurretik jarri ditu bisitariak lehen zatia hasi eta berehala. Jokalari valentziarrak Gerard Morenoren zerbitzua baliatu du Dmitrovic gainditzeko. Ordu erdia igarota, Baccak bigarrena sartu du urpekari horiarentzat. Hala ere, Mendilibarren taldeak bere partida egiten jarraitu du. Atsedenaldira iritsi aurretik, Esteban Burgosek aldea murrizteko aukera izan du hamaika metrotatik, baina Asenjok jaurtiketa desbideratu du.

Bigarren zatian, Asenjok defendatutako atearen bila joan dira armaginak. Sergi Enrichek markagailuko aldea murriztea lortu du jaurtiketa mantso baten ostean. Epaileak VARra behar izan du eibartarren gola baieztatzeko.

Golak eragindako energia positiboarekin iritsi dira Eibarren minuturik onenak berdinketaren bila. Sergi Enrichek Asenjo luzatzera behartu du Eibarren bigarrena saihesteko. Vila-realek, bestalde, zortea erakutsi du kontraerasoan, eta Dmitrovicek taldea bi aldiz salbatu badu ere, 87. minutuan aurkitu du saria, Pedrazaren bitartez.