Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Nano: Pauso oso garrantzitsua da niretzat eta eman ahal dudana erakutsi nahi dut

Kanarietako aurrelaria SD Eibarreko jokalari bezala aurkeztu dute hurrengo bost denboraldietarako

Hurrengo bost denboraldietarako SD Eibarreko jokalari berriak, Alexander Mesa “Nano”, bere aurkezpenean adierazi du fitxaketa hau “oso pauso garrantzitsua” dela bere karreran. “Eman ahal dudana erakutsi nahi dut”.

Nanok bere lehen entrenamendua egin du gaur Atxabalpen taldekide berriekin, eta ondoren, Ipuruan aurkeztu dute.

“Eibarrek nire aldeko apustua egin du lehenengo momentutik eta hori aintzat hartu behar da. Nire ordezkariekin eta nirekin hitz egin zutenetik, jauzia eman eta hemen izatea nahi izan dut. Oso pozik nago eta asko eman nahi diot taldeari”.

“Lan handia egiten dut, presio handia, desmarke ugari egiten ditut eta beti nago baloiaren zain. Pauso garrantzitsua da niretzat eta lan egin behar dut. Ilusio handia dut eman ahal dudana erakusteko eta hasteko irrikan nago kluba eta jendeari okertu ez direla erakusteko”.

“Lehenengo entrenamendutik sentsazio oso onak ditut. Taldekideek eta gorputz teknikoak oso ondo hartu naute. Pozik nago. Kluba oso ona da, taldekideak zoragarriak, eta hori ere aintzat hartu behar da”.

“Seguru asko Tenerifetik aldentzea gogorra izango da, bizitza guztia pasatu dudalako han, baina jauzia eman nahi nuen. Lehenengo minututik eman nahi nuen jauzia eta hemen balio ahal dudana erakutsi. Zoriontsua naiz hemen eta ahalik eta lasterren hastea espero dut neure harri koskorra ekartzeko eta lehenbailehen konpetitzen hasteko”.

Fran Garagarzak, SD Eibarreko Kirol Zuzendaria, Nano fitxatzeko negoziazioak “luzeak eta oso gogorrak” izan direla nabarmendu du. “Apustu bat da, bost urtez sinatzen dugu. Etorkizunerako jokalaria da. Klubarentzako aktibo bat dela uste dut, patrimonioa”.

“Ez da erraza aurkitzea jokalari gazteak goleatzaileak direnak. Jokalari desberdina da, dauzkagun aurrelariekin desberdintasun handienak dituen jokalaria bera da. Pausoak ematen joan beharko da eta ez du bihar bertan maila altu hori eman behar. Guztiak prozesu bat dauka. Pozik gaude fitxaketarekin, nahi genuen eragiketa itxi dugulako”.

“Mobilitate handia daukan jokalaria da, potentzia handikoa eta espazioetara ondo joaten dena. Garrantzitsua zen horrelako aurrelari bat taldean izatea. Golak egiteko ahalmena duela erakutsi du, ez da bat ere erraza Bigarren Mailan 21 urterekin 14 gol egitea. Mutilak duen adina, etorkizuna eta hobetzeko marjinari begiratuz, ez dugu neurrigabeko kopururik ordaindu. Ez dugu zenbakirik emango, baina bistan denez erosi egin dugu”.

Amaia Gorostiza Klubeko Presidenteak ongi etorria eman dio SD Eibarreko jokalari berriari. “Oso laster familian bezala sentitzea espero dut”.

“Merkatua ixteko egun bat eta erdi falta direla, gure lantalde teknikoak esfortzu itzela egiten jarraitzen du jokalari taldea egituratzen bukatzeko. Espero dugu jadanik ia itxita dugunarekin gure helburuak lortzeko talde bat osatzea”.