Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Zortzigarren postua daukagu jokoan eta ez dugu hortik jaitsi nahi

Eibarko entrenatzaileak bere jokalariak “partidua ondo hasteko” mentalizatuko ditu

Jose Luis Mendilibarrek gaur adierazi du Eibarrek zortzigarren postua duela jokoan Xixongo Sportingen aurka “eta ez dugu hortik jaitsi nahi”.

Fran Rico, Antonio Luna eta Nano Mesaren bajak ditu lesionatuta egoteagatik, eta Anaitz Arbilla zigortuta dago. Beraz, Mendilibarrek lehen taldeko 18 jokalari ditu eskuragarri denboraldi honetan Ipuruan jokatuko den azken partidurako.

 “Etxean egiten dugun azken esfortzua izango da dena jokoan duen talde baten aurka. Ez badugu irabazten, Espanyol indartsu dator atzetik, baita Alaves ere, eta hamargarren postuan amaitu dezakegu. Nire lana jokalariak mentalizatzea da partidu hasiera ona izateko, gure lehen 15 minutuak onak izateko”

 “Lehen ematen zuen berdin zela zortzigarren edo hamargarren postuan geratzea, tartean ez zegoelako dirua jokoan, baina orain denontzat dago zer irabazi. Lehen primei buruz hitz egiten zen, baina zelaira irteten zaren bakoitzean lehiatzera irteten zara, hamaika hamaikaren aurka, eta ez dakizu zer gertatu daitekeen”.

Igandeko arerioaren inguruan, “arerioa begiratzen duen talde eta teknikaria daukate”, adierazi du. “Ez dakit igandean berdin izango den. Azken aldian lau defentsarekin jokatu du batzuetan, hirurekin eta hegaleko birekin besteetan, goian bi jokalarirekin, batekin edo hiru punta erdirekin... Guk gureari begiratuko diogu, nahi dugun horri eta nola jokatu behar dugun. Gurea da gehien arduratzen nauena, partidu hasiera ona izatea, partiduan sartuta”.

Neurketan Sportingentzat duen garrantziaz galdetu diotenean, “ez zara jaisten gaur galdu duzulako, baizik eta lehen behar zenituen puntuak atera ez dituzulako. Lehen egin duzu txarto eta orain ez dago zure esku. Asko daukate jokoan, baina horrek ez du esan nahi ondo jokatuko dutenik edo txartoago arituko direnik urduri egon daitezelako. Nire taldeaz arduratzen naiz, aste honetako lan saioetan ondo egon ez dena, baina espero dut partidua ondo hastea”, aipatu du Mendilibarrek.

Adrian Gonzalenen agurraren inguruan, “agur esateko begirunea izana oso ondo iruditzen zait”, adierazi du. “Aurpegia eman du, berarekin hainbat taldekide egon dira eta oso tipo ona dela iruditzen zait. Oso onak izan diren denboraldi bi egon gara berarekin eta bera, bai arlo pertsonalean, bai arlo profesionalean zoragarria izan da. Asko eman digun jokalaria doa, bere taldekideek asko estimatzen dutena”.