Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Zaila izango da, baina irabazteko prest gaude

Eibarrek Granada hartuko du Ipuruan astelehenean 20:45etan

Jose Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak honakoa adierazi du astelehenean 20:45etan Ipuruan Granada CF-ren aurka jokatuko duen partiduaren inguruan: “zaila izango da, baina irabazteko prest gaude”.

Mendilibarrek adierazi duenaren arabera, “sailkapenean ondo gaude eta gure alboan dauden taldeak gora begira dabiltza. Granadaren aurkako partidua irabaztean pentsatzen dugu bakarrik eta, lortuz gero, beste gauza batzuetan pentsatu beharko dugu”.

Mendilibarrek sentsazio ona dauka taldearen inguruan. “Oso ondo ikusten dut taldea eta espero dut horrela jarraitzea. Gure helburua lortzen badugu, espero dut ez erlaxatzea eta ahal bezain beste borrokatzea”.

Valenciaren aurka bezala, Granadaren aurka ausartak izan behar direla aipatu du. “Gure jokoa egiten saiatu behar gara. Hegaletik jokatu, erasora etengabe joan, adi egon, geldiunerik ez egotea, azken finean, gu geu izatea”.

Nahiz eta taldearekin entrenatu duen, Kike Garcia ez deialdian sartuko. Antonio Luna eta Nano Mesa, ordea, jokatzeko prest daude.

Sergi Enrichen kontratu luzapenarekin pozik agertu da entrenatzaile armagina. “Oso jokalari garrantzitsua da guretzat, ez bakarrik golak sartzen dituelako, baizik eta aldagela barruan oso pertsona garrantzitsua delako eta dena begiratu behar da”.

Granada honek lehen itzulikoarekin alde handia duela aipatu du Mendilibarrek. “Asko fitxatu dute neguko merkatuan, ia talde berria da”. Euren jokoaren inguruan, “orain atzean sendoago daude eta aurrekoek lan ona egiten dute eta azkarrak dira”, azpimarratu du.

“Ezberdin jokatzen dute etxean edo kanpoan. Ez dute taldea asko aldatzen, baina etxean aurrerago eta presio gehiago eginez jokatzen dute, eta etxetik kanpo atzean itxaroten dute eta kontraeraso bila irteten dira. Ez dakit hona nola etorriko diren”.