Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: "Real Madrilen aurkako partidak estiloa indartzeko balio izan digu"

Talde babazorroaren "azkartasuna" azpimarratu du entrenatzaile armaginak

Jose Luis Mendilibarrek prentsaurrekoa eman du bihar Alavesen aurka jokatu beharreko partidaren atarian (Mendizorrotza, 22:00). Zaldibarko entrenatzaileak azpimarratu duenez, "Real Madrilen aurkako partida errefortzu morala izan da eta egiten ari garena ondo dagoela ikusarazten dio futbolariari".

Armaginek aurkari guztiz ezberdin baten aurka jokatuko dute 15. jardunaldia. "Oso ezberdinak gara. Kontraerasora irtetekoak dira haiek, atzetik eraso azkarrarrak egiten dituzte bi aurrelariekin. Gu gehiago gara kontrako zelaian jokatzekoak. Uste dut gehiago direla euren zelaian jokatzekoak, baina mina egiten dute berdin".

Mendilibarrentzat baloi-jabetza ez da erabakigarria izango Alavesen aurka. "Ez du nahitaez baloia gehien duenak irabaziko, bietako inork ez du baloia izango. Aurkako atera iritsi nahi dugu. Guri gehiago gustatzen zaigu kontrako zelaian edukitzea eta haiei ez zaie hainbeste axola, baina daukatenean arrisku handia dute, azkarrak direlako eta azkar amaitzen dutelako".

Zaldibarkoak Machinen taldearen "azkartasuna" azpimarratu du. "Ondo elkar ulertzen diren bi aurrelari dituzte. Bat, Joselu, bizkarrez oso ondo jokatzen duena eta ondoren, Lucasen bigarren baloietara joateko gaitasuna duena".

"Azken partidetan horrelako jokaldi asko egiten ari direla ikusten ari gara. Gai dira iristeko eta bien artean arriskua handia eramaten dute. Erne eta orekatuta egon beharko dugu. Gu ondo bagaude, ez gara ezeren beldur ".

Entrenatzailearentzat "horrelako partidak irabazteak konfiantza ematen du". "Irabazten baduzu, lau puntu ateratzen dizkiezu. Baina partida batean edo bitan joan daitezke puntu horiek. Denboraldi honetan zailagoa da irabaztea. Berdinketa gehiago daude. Uste dut horrelako partida bat irabazteak jokalariari ateratzen dizkiozun abantailek konfiantza ematen diotela eta jaitsiera urrunago ikusten duzula".

Jose Martinezen ibilbidea ere hizpide izan du Mendilibarrek. "Ez du gurekin momenturik izan, baina oso ondo entrenatu du beti. Jokatu ahal zuenerako, Kopan, irteerako bidean zegoen. Harentzat positiboa dela uste dut. Urtarrilean hasiko da denboraldi-aurrea eta prestatu ahal izango da. Jokalari batek nahi duena jokatzea da eta MLS liga goranzko bidean dagoela uste dut eta espero dugu zortea izatea".