Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Partidu irekia izango da, bi taldeok irabazteko aukerak izango ditugu

Eibarreko entrenatzaileak taldeko 23 jokalariak deitu ditu

José Luis Mendilibarrek, SD Eibarreko entrenatzailea, bihar Ipuruan Errealaren kontra jokatuko den partidaren atarikoan aitortu du “neurketa oso irekia” izango dela. “Bi taldeok dinamika onean gaude eta biok izango ditugu irabazteko aukerak”.

Entrenatzaile armaginak jokalari guztiak deitu ditu (23, guztira) bihar Ipuruan gosaltzeko. Ondoren, deialdia emango du. Aste honetan ez dago min hartutako ez zigortutako jokalaririk.

Lehen Mailara igo zenetik Eibarrek Errealaren kontra Ipuruan lortutako bi garaipenen inguruan, Mendilibarrek hurrengoa esan du: “estatistikak hor daude, baina haiek esango dute apurtzeko daudela. Pasa den urtean irabazi genuen, baina ez dugu iraganean pentsatu behar, baizik eta biharko partiduan”.

“Haiek gu baino aldaketa gutxiago egin dituzte (astean zehar jokatutako jardunaldian). Málagan porrota jaso arren ondo gaudela uste dugu. Sentsazioak onak dira eta norgehiagoka irekia izango dela uste dut, talde biok aurrera begira jokatzen dugulako eta hori zelaian ikusiko da”.

“Badakigu Errealak zer nolako taldea duen. Futbolari onak dauzka, derbia izanda motibazio handia ekarriko dute eta partidu zaila izango da guretzako, eta espero dut eurentzako ere gogorra izatea. Alde bietan aukerak egongo dira eta ea zeinek asmatzen duen”.

Bere aburuz, talde armagina ez dago “hain nekatuta” Málagaren aurka egindako aldaketen ondorioz. “Ez zigun gehiegirako balio izan, galdu genuelako, baina emaitzaz aparte, nahiz eta hori garrantzitsuena izan, partidu ona egin genuen, punturen bat ateratzeko modukoa. Bigarren zatian, golen bat sartzeko abaguneak sortu genituen eta lehenengoan haiek baino hobeto aritu ginen”.

“Ez diogu nekeari beldur handirik izan behar. Atseden hartzeko haiek baino egun bat gehiago daukagu. Partidu hauetan buruak ere jokatzen du, kontzentrazioa behar dugu. Buruak baietz esaten badu, hankak ere aurrera doaz”.

Neurketaren ordutegiari dagokionez (13:00), entrenatzailea pozik dago: “Niretzat hori da ordurik onena, hamabiak edo arratsaldeko ordu bata. “Normalean, ordu horretan bukatzen ditugu entrenamenduak. Jokatzeko ordu naturalak dira, urte osoan zehar ordu horietan entrenatzen ohituta gaudelako. Gogorragoa da gaueko hamarretan jokatzea. Jokalariari arin pasatzen zaio eguna, gosaltzeko elkartzen gara, gero partidua iristen da eta laster bukatzen dugu”.