Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: “Norgehiagoka hauetan burua hotz izan behar dugu”

Entrenatzaile armaginak Valladolid taldearen sendotasuna azpimarratu du

Real Valladoliden aurkako partidaren atarian (larunbata, 18:00) Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du gaurkoan Atxabalpen. Zalbidarreko prestatzaileak adierazi du norgehiagoka hauetan burua hotz mantendu beharra dagoela.

Entrenatzailea lehiaren garrantziaz mintzatu da. “Partida hauen inguruan esaten da hiru puntu baino gehiago daudela jokoan. Azken batean, galtzen baduzu beste taldea badoa eta zuk datorren astean etxeko partidan puntuak ateratzeko premia duzu”.

Valladolid taldearen inguruan Zaldibarrekoak azpimarratu du jokatzen erakusten duen lasaitasuna. “Lasai jokatzen dute, ez dira urduri jartzen. Pasaden astean Athleticen aurka galtzen hasi ziren baina berean jarraitu eta berdinketa lortu zuten. Ez dute birtute handirik baina talde moduan ondo egiten dute lan. Meritua du taldeak eta baita entrenatzaileak ere”.

Kanpoan atera ditu puntu gehienak Pucelako taldeak. “Uste dut beren futbola ez dela hainbeste aldatzen etxean edo kanpoan jokatuta. Batzutan etxean espazio gutxiago egoten da, norberak eraman behar du jokoaren iniziatiba eta kanpoan, aldiz, espazio gehiago dago eta lasaitasunaz aritzeko aukera”.

Mendilibarren esanetan, “etxetik kanpo puntu bakoitzak urrea balio du. Egia da gu bezalako taldeak etxean egin behar garela fuerteak, baina noizbehinka etxetik kanpo garaipen bat lortzea garrantzitsua da. Arnasa ematen dizu”.

“Uste dut bi taldeak orekatuak garela. Ea hiru puntuak lortzeko zortea dugun. Abaguneak sortuko ditugu, gero asmatu egin behar da. Baina aukerak egiten badira garaipena iritsiko da, lehenago edo beranduago”.