Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Nahiz eta zortzigarren postuan ez amaitu, izugarrizko denboraldia izango da

Eibarren esku dago, “baina partidu zailena daukagu”

Jose Luis Mendilibarrek Camp Nouen igandean jokatuko den partiduaren aurretik gaur eskaini duen prentsaurrekoan adierazi duenez, “ez da porrota izango zortzigarren amaitzea, izugarrizko denboraldia izango da”, azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela.

 “Politagoa da zortzigarren amaitzea hamargarrena baino, baina gure denboraldia eginda dago. Bi postu gora edo behera gera gaitezke. Gure esku dago aurretik gaudelako, baina zortzigarren postuan amaitzeko gauden taldeetatik partidu zailena daukaguna gara”.

Teknikari armaginak adierazi duenez, “zaila da irabaztea, arerioak Liga duelako jokoan, nahiz eta beste emaitza baten baitan dagoen”.

 “Liderraren etxean berdindu dugu denboraldi honetan, baina horrek ez du esan nahi Bartzelonan irabazi edo berdinduko dugunik. Hor dago eredua. Egia da baita ere hemendik kanpoko jendearentzat gutxi dugula jokoan, besoak jaitsiko ditugula, baina gure jokalarietako inork ez ditu besoak jaitsiko Camp Nouen menderakaitz egiten zaituztelako”.

Azken jardunaldiak Hedabideek Eibar aintzat ez hartzearen inguruan galdetu diotenean, honakoa erantzun du: “zuek ez duzue Eibar aintzat hartzen. Zuek egiten duzue berba partiduen inguruan eta Malaga-Madrid partiduaz hitz egiten da, Barçak Eibar gaindituko duela ziurtzat emanez. Ondo iruditzen zait, ezkutuan goaz eta ea han zerbait atera dezakegun. Normala iruditzen zait Malaga-Madrid partiduaz berba gehiago egitea, Barçak Madrilen baita dagoelako”.

Mendilibarrek ukatu egin du Eibarrek Bartzelonarekin arantzarik edukitzea. “Beti komentatzen da arantzen kontua irabazi dizun talde baten aurka jokatzen duzunean. Nik ez daukat arantzarik. Mundu honetan urteak badaramatzazu, irabazi edo galduko dituzun momentuak egongo dira, eta beti egingo duzu topo. Baina ez errebantxa kontuagatik, irabazteagatik eta kitto. Hainbat tokitara errebantxa gogoarekin banoa, irabazi baino gehiago galtzen dut entrenatzaile moduan. Aurrean arerio gogorra izango duzula pentsatzen joan behar zara, bera gainditzeko dena eman behar duzula, baina inongo errebantxa asmorekin”.