Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Lasai gaude partidu zaila izango dela jakinda

Eibarreko entrenatzaileak bere 23 jokalariak ditu eskuragarri

José Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak, Real Betisek bihar Ipuruan (20:45) egingo dion bisitaren aurrean, “lasai gaude partidu zaila izango dela jakinda”, adierazi du gaur.

Entrenatzaile armaginak, talde guztia eskuragarri duenak, hurrengo jokalariak deitu ditu: Riesgo, Yoel, Capa, Arbilla, Ramis, Lejeune, Gálvez, Luna, Escalante, Fran Rico, Dani García, Adrián, Rubén Peña, Pedro León, Inui, Bebé, Enrich eta Kike García.

“Badakigu ez dela erraza bi partidu etxean jarraian izan eta biak irabaztea”, baieztatu du Mendilibarrek, bere jokalariak forma onean dabiltzala jakitun. “Denek entrenatu dute oso ondo. Kostatu egin zait deituen zerrendatik kanpo zein geratuko den erabakitzea eta hori oso ona da”. Aulkitik irteten direnak oso ondo ari dira gauzak egiten baita ere. Badakit jokatuko dutenak oso ondo arituko direla. Oso pozik nago jokalariekin”.

 “Gainera inork ez du minik hartzen, egon naizen talde guztietatik lesio gutxien izaten ari naizen denboraldia da. 5-6 jardunaldi daramatzagu lesionaturik gabe. Denak daude eskuragarri eta eskuragarri izateaz gain, oso egoera onean daude. Batak bestea ordezkatu behar badu, oso ondo egiten du eta, azkenengo partiduan, aulkitik irten zirenek gauza asko eman zizkiguten”.

Betisi buruz, “Celtaren ezberdina da, entrenatzaile berriarekin. Gutxi gorabehera badakigu zer egiten duten aurreko partidua ikusita, baina ez dakigu etxean eta kanpoan berdin jokatuko duten”, azpimarratu du.

Bere iritziz, entrenatzaile berriaren etorrerak aldaketak suposatu ditu, batez ere defentsan. “Sendoago defenditzen dute. Euren entrenatzailean defentsaren sendotasuna nabarmentzen du”.

Mendilibarrek argi utzi du asteartean Molinonen jokatuko den Kopa partiduak ez duela biharko hamaikakoa baldintzatuko. “Biharko partiduan bakarrik pentsatzen dugu eta larunbatetik aurrera pentsatuko dugu astearteko neurketan. Kopa heltzeko gogoa neukan jokatzen ari ez direnei bizitza emateko. Ez dago aldaketa handirik hamaikakoetan eta, jendeak nola entrenatzen duen ikusita, ona da eurek ere konpetitu ahal izatea”.