Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Irabazteko asmoz eta aurkariari kontra egiteko eta partidan nagusitzen ez uzteko idearekin goaz, neurketa irekia izango da

Hauek dira gaur Granadara abiatuko diren jokalariak: Asier Riesgo, Yoel, Ander Capa, Mauro Dos Santos, Lejeune, Gálvez, Arbilla, Atonio Luna, Dani García, Gonzalo Escalante, Adrián, Fran Rico, Pedro León, Jota, Bebé, Sergi, Kike eta Rubén.

Mendilibarrek deialdia baieztatu du. Gainontzeko jokalariak, min hartutako Ramis izan ezik, etxean geratzea erabaki du entrenatzaileak. “4 geratu dira. Kostatu zaigu zeintzuk geratuko ziren aukeratzea, guztiak entrenatu direlako ondo. Baina horrelakoa da, denboraldia luzea izango da eta denentzako denbora egongo da”. 

Zaldibartarrak armaginek jasango dituzten tenperatura altuei buruz ere hitz egin du. “Ohituta gaude, azken egunetan penintsulako maximoetatik oso gertu ibili gara hemen. Beroak ez gaitu ustekabean hartuko, bi taldeentzako berdin egingo du eta biak sufrituko dugu. Txarto jokatzen badugu, ez dugu esango beroagatik izan dela”.
Biharko aurkariagatik eta fitxatu dituen jokalari kopuruagatik galdetu diotenean, Mendilibarrek honako hau erantzun du: “Nik uste dut eurentzako ere arraroa dela, azken orduko fitxaketak izan dituzte eta ez dute entrenatzeko denbora handirik izan. Momentu ona da gu hara joateko, haiek aldaketa ugari egin dituztelako. Hala ere, badakigu haiek arriskatzen dutela eta ondo ateratzen bazaie, arazo asko izango ditugula aurkari bezala. Irabazteko asmoz eta aurkariari kontra egiteko eta partidan nagusitzen ez uzteko idearekin goaz, neurketa irekia izango da”. 
Denboraldiko hirugarren norgehiagokaren atarikoan, Zadibarreko entrenatzaileak hobetu edo aldatu nahi dituen alderdiak zehaztu ditu: “Ez dut nahi Valentziaren aurkako lehen zatia errepikatzea, oso txarto jokatu genuen eta aurkariak gol aukera ugari sortu zizkigun. Bigarren zatian ez genuen joko ederra egin baina Valentziarekin parekatu ginen. Egia da Deportivoren aurka baino hobeto jokatu genuela. Areara gehiago iristea gustatuko litzaidake, eta arrisku gehiago sortuz. Ez dit balio bakarrik baloia izatearekin, arriskua sortu behar dugu”. 
Aurreko denboraldian Mendilibarrek garaipen batekin hasi zuen Liga Granadan. Partida hori lehen itzuli oso on baten atarikoa izan zen: “Pasa den urtean partida ona egin genuen,  baina nik uste dut ondo jokatzen jarraitzen dugula. Nire ustez, jokaldiak bukatu behar ditugu, hori pixka bat gehiago kostatzen ari zaigu”. 
Amaitzeko, entrenatzaileak aurtengo talde eibartarraren balorazioa egin du: “Talde bat egiten duzunean, pozik zaude beti, zuk nahi dituzun jokalariak ekartzen dituzulako; bestela, beste jokalari batzuk etorriko lirateke. Nik uste dut pasa den urteko taldea baino hobea dela aurtengoa, jokalari gehiago dauzkagulako. Hasierako hamaikakoa ere hobea izan daiteke, baina hori egunero eta entrenamenduetan erakutsi behar dugu”.