Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: “Gure jokoa iazkoa baino hobea izatea nahi dugu”

Eibarreko entrenatzaileak adierazi du “gure futbola egiten badugu Celtak zaila izango du”

Jose Luis Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du eguerdian Ligari hasiera eman baino 24 ordu lehenago. Celtaren aurkako partidaren atarian,entrenatzaile armaginak adierazi du, “gure futbola iazkoa baino hobea izatea nahi dugu”.

Zaldibarkoak bere seigarren denboraldia izango du aurtengoa, baina urtetik urtera sentsazioak berberak dira. “Beti uste dut denboraldi hasieran ondo iristen garela, baina lehiatu arte ez dakizu ondo. Ez dugu inolako aitzakiarik, denok baldintza berdinetan gaudelako. Nik uste dut ondo gaudela. Aste hau ona izan da, baina ikusiko dugu”.

Denboraldi-aurrea beste batzuk baino “arraraoagoa” izan den honetan, entrenatzaileak denetarik gertatu zaiela aitortu du. “Ondo jokatu dugu, eta ez dugu irabazi, okerrago jokatu dugu eta irabazi egin dugu, gaizki jokatu dugu eta galdu egin dugu. Hori guztia gertatu daiteke”.

Mendilibarren esanetan, iazkoa denboraldia kaxkarra izan zen.  “Jende aldaketa dezente izan zen, jokoari dagokionez txarrena izan da hemen nagoenetik. Gure futbola hobea izatea nahi dugu. Hobea bada, partidak irabaziko ditugu”.

Horretarako, Eibarrek ez du denbora galdu nahi, baina jabe da denboraldia luzea dela eta une ezberdinak igaro beharko dituztela. “Puntuak berdinak dira lehen edo azken partidan. Badirudi galtzen hasten bazara buelta emateko denbora dagoela, baina batu ez dituzun puntuak dira. Mentalizatu egin behar dugu edozein emaitza egon daitekeela, hau oso luzea dela, eta astez aste gure buruari eustea erabaki behar dugula”.

“Bi fitxaketa iritsi ziren joan den astean. Jende gehiagok iritsi behar du, batzuk atera beharko dute. Entrenamenduetan Kadziorrekin eta Reciorekin sentsazio onak izan ditugu, ez dira egongo hasieratik jokatzeko. Guretzat futbolari onak direla uste dugu. Lehiatzen ikusiko ditugu”.

Biharko aurkariaren inguruan, iaztik aldaketa gutxi izan dituela esan du.” Zelai erditik gora partida irabaz dezaketen jokalariak dituen taldea da. Iago Aspas jokalari bikaina da. Badakigu Celtak zertara jokatzen duen. Iaz oso gaizki pasatu zuten, gu baino okerrago. Zerbait hobetu nahiko dute. Uste dut partida gogorra izango dela, aurreko denboraldian sufritu genuen bi talderen artekoa”.

Norgehiagokaren gakoen inguruan galdetuta, Mendilibarrek beste batzuetan baino lehia “irekiagoa” espero du. “Haiek sentsazio onak badituzte eta ondo aurkitzen badira, sufriarazi egingo digute. Egin nahi duguna egitea lortzen badu, sufritu egingo dute. Ea nor dagoen hobeto. Desberdinak gara, ea nor gailentzen den”.