Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Gure helburua ahalik eta goien geratzea da

Talde armaginaren entrenatzaileak eskuragarri dauden 20 jokalariak deitu ditu Espanyolen aurkako partidurako

Jose Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak bihar RCD Espanyolen aurka 13:00etan Ipuruan jokatuko duten partiduaren aurreko prentsaurrekoan gaur adierazi duenez, “taldearen helburu argia ahalik eta goien geratzea da” denboraldia amaitzeko geratzen den denbora honetan.

Mendilibarrek eskuragarri dituen 20 jokalariak deitu ditu, hau da, talde guztia lesionatuta dauden Fran Rico eta Nano Mesa ezik.

 “Entrenatzaile txarra izango nintzateke jendea orain erlaxatuko balitz. Zure burua erdialdeko gunean ikusten baduzu, gaur egun diru banaketaren kontua dagoenez, beti daukazu helburu argi bat: sailkapenean gero eta gorago geratu, gero eta diru gehiago sartuko delako klubean. Zortzigarren edo hamargarren geratzeak ez badigu axola ezer ez dagoelako jokoan, gutxienez bai axola behar digu klubean diru gehiago sartzeak. Nire lana orain, agian, teknikoa edo taktikoa baino, jokalariei hilabete bi hauetan amaierara arte lehiatzen jarraitzeko konbentzitzea da”

Entrenatzaile armaginak adierazi duenez, “ez badugu korrika egiten, borrokatzen edo jarri beharreko martxa jartzen, ez ditugu emaitzak lortzen”. “Martxa bat jaitsiz, nahiz eta gauzak erdi ondo egin, zaila da edozein talderi gola egitea”.

 “Lehen hamar postuetan egoteko zuzeneko arerio baten aurka jokatuko dugu. Puntu bat beherago dago eta ikusi behar gaituzte. Gero, irabaztea edo galtzea beste gauza bat izango da. Zerbait errekamaran badaezpada uztea ez dut ondo ikusten”.

Quique Sanchez Floresen taldearen inguruan, entrenatzaile armaginak adierazi du talde “oso bertikala” dela, eta “atzean itxaron eta kontraerasora irtetea” bilatzen duela.

 “Ez dituzte gauza arraroak egiten edo euren zelaian behar dena baino gehiago baloia pasatzen. Baloia galtzen dutenean berehala hartzen dute tokia. Presioan ez da agresiboa, baina bai buelta eman eta tokia hartzeko orduan. Euren areara azkar heltzeko gai bagara eta erdiraketak egiteko aukera badugu, irabazteko aukerak izan ditzakegu. Defenditzeko tokia hartzen uzten badiegu, gehiago kostatuko zaigu, nekatu egingo gara, aspertu egingo gara eta guk izango ditugun aukerak baino gehiago izango dituzte eurek”.

Joaneko partiduaren harira, non 3-3 berdindu zuten Eibar atsedenaldian 0-3 irabazten joan ostean, “iragana pasatu da”, esan du Mendilibarrek, eta “atsedenaldian 0-3 irabazten joateko gaitasuna daukagu, baina baita gero hiru gol jasotzeko ere”.

 “Nahiago dut poztasun hori izan, eta gora joan eta arriskua sortzeko gai den taldea eduki. Partidu arraroa izan zen. Ordutik aurrera hobetuz joan ziren eta emaitzak izaten hasi ziren. Itzuli bat pasa da ordutik eta gauzak oso ondo egiten ari dira”.