Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: El Calderón zelai gogorra da baina bertan zer edo zer lortzeko gai gara

Eibarrek larunbatean jokatuko du Madrilen, 16:00etan Atléticoren aurka

SD Eibarren entrenatzailea den José Luis Mendilibarrek, larunbateko partida aurretiko prentsaurrekoan adierazi du “zelai gogorra da, bertan zer edo zer lortzeko gai gara”.

Borja Bastónen baja baieztatu du, Klubak ez baitu Atléticok ezarritako klausula ordainduko. “Zerbait aldatu beharko dugu, baina aurrelari bakarrarekin jokatu izan dugu jada. Aukera ezberdinak ditugu”.

Madrilgo prentsa Atléticoren bajei ematen ari den garrantziaren inguruan ironia erakutsi du Mendilibarrek, izan ere, Borjaz gain, Ramis, Pantic eta Luna baja dira Eibarren. “Hango prentsa negarrez ari da, baina bertako prentsa ez dut hala ari denik ikusten. Ez da negarrik egin behar, edo barrurantz behintzat, ez kanporuntz”.

“Talde ona goaz, talde oso on baten aurka jokatzera, bajak egoteak ez du axola. Atzean bajak dituzte, baina zelai erditik aurrera denak prest dituzte”.

Atlético de Madrid-en sendotasuna azpimarratu zuen “hamar gol besterik ez ditu jaso”. “badakigu zaila dela Atléticori golaukerak sortzea. Itxura ona eman dugu handien aurka baina galdu egin dugu. Agian hobe litzateke itxura kazkarragoa eman eta irabaztea”.

Bere ustez, Simeoneren taldea liga irabazteko “hautagai sendoa da”, Bartzelona eta Real Madrid-ekin batera. Agian, hauetakoren bat Champions-ari begira jarriko da buru-belarri, txapelketa bueltatzen denean”.