Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Eibar izaten bagara, beldurrik gabe, irabazteko aukerak izango ditugu

Entrenatzaile armaginak jokalari guztiak eramango ditu Kanaria Handira

José Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak UD Las Palmasen kontrako larunbateko partidaren atarikoan adierazi duenez, “Eibar izaten bagara, ehuneko ehunean eta beldurrik gabe, irabazteko aukerak izango ditugu”.

Entrenatzaile armagina jokalari guztiekin abiatuko da Kanaria Handira (23 jokalari ditu eskuragarri). Izan ere, partiduaz gain, taldeak bi entrenamendu egingo ditu (bihar, ostirala, eta igandean) Barranco Secoko instalazioetan.

Mendilibarren aburuz, UD Las Palmas “talde desberdina da. Talde txikia dira, gu eta beste talde asko bezala, baina modu ezberdinean jokatzen dute. Baloiarekin asko arriskatzen dute, lerro artean jokatzea gustatzen zaie. Teknikoki onak dira eta gauzak egiten ausartzen dira. Konfiantza hori entrenatzaileak ema diela uste dut”.

“Biok egiten dugun jokoari begiratuz, atzetik konbinatzen ateratzen badira mina egin ahal digute, baina noizean behin baloiren bat lapurtzea lortzen badugu guk egingo diegu mina haiei. Talde erabat ezberdinak gara, bioi gustatzen zaigu aurkariaren zelaian jokatzea, baina arma ezberdinekin”.

Kanaria Handiko taldeak denboraldi honetan bere estadioan partidarik galdu ez duela gogoratu diotenean, Mendilibarrek horrek “galtzetik hurbilago daudela” esan nahi duela adierazi du. “Ez dut esaten jardunaldi honetan izango denik, baina hurbilago daude. Ondo jokatzen dute eta euren jokatzeko estiloa dela eta, nahiz eta gu baino puntu gutxiago izan, askoz gehiago hitz egiten da haietaz gure taldeaz baino”.

Mendilibarrek uste du bere taldea “dinamika onean” dagoela. “Gure kontra jokatzen duten taldeek irabazteko latzak garela uste dute, jokalariekin gustura nago”.

“Ez dut uste inoiz euforia dagoenik eta partidu bat galtzen badugu ere, ez gara aztoratuko. Orokorrean, taldea dinamika onean dago. Emaitzaren bat kenduz, zelai guztietan konpetitzen dugula uste dut. Gauzak gertatzen zaizkigu eta ikusi dugu beste taldeei ere gertatzen zaizkiela, baina era berean, neurketak iraultzeko kapazak gara”.