Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Argi daukat nola jokatuko dugun eta ondo egingo dugula uste dut

SD Eibarreko entrenatzaileak dio bere taldeak ez duela “aurkariari begira” jokatu behar

José Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak bihar Bartzelonan RCD Espanyolen aurka “nola jokatuko dugun” argi duela nabarmendu du, “eta ondo egingo dugula uste dut”.

Entrenatzaile armaginak biharko norgehiagokarako deialdia jakinarazi du. Hauek dira Cornellára eramango dituen jokalariak: Riesgo, Yoel (atezainak), Capa, Arbilla, Ramis, Lejeune, Gálvez, Luna, Dani García, Escalante, Fran Rico, Rivera, Adrián, Inui, Rubén Peña, Pedro León, Kike García eta Sergi Enrich.

“Ez dugu aurkariari begira jokatu behar. Inoiz ez dugu hori egin eta bihar ere ez dugu egingo. Bestela, haien atzetik ibiliko gara eta hori ez dut gustuko. Osasunaren kontra jokatu baino lehen ere, bagenekien ezin ginela inortaz fidatu”.

Osasunaren aurkako porrotaren inguruan, talde nafarrak “euren merituengatik eta geure demerituengatik” hiru puntuak eraman zituela nabarmendu du. “Irabazi behar zuenak irabazi zuen, eta hori Osasuna izan zen. Haiek euren moduan jokatu zuten eta guk ez genuen geure jokoa egin. Espanyolen kontra guk nahi dugun moduan jokatu behar dugu. Hala ere, galdu dezakegu, baina horrela galtzea askoz hobea da eta partidutik askoz hobeto ateratzen zara, aurkariari begira gauza ezberdinak egiten saiatzeagatik galtzen baduzu baino”.

“Garrantzitsua da Espanyolek zer nolako jokalariak dituen eta zer egin dezakeen jakitea. Printzipioz, sailkapenean askoz gorago egoteko taldea egin dute. Baina ez ditugu eskuak lotu behar. Osasunaren aurka arreta gehiago jarri genuen haiengan, haiek gure taldean jarri zutena baino, eta hori izan zen desberdintasuna. Normalean ez da horrela izaten. Aurkaria errespetatzen dugu, baina ez dugu begiratzen zer egiten duen edo zer ez duen egiten”.

“Beharbada haiek behartuago daude, teorikoki altuago begiratzeko taldea daukatelako.  Europara joateko moduko taldea zela ere esaten zen. Baina 9. jardunaldian gaude. Neurketa bat irabazi edo galtzeak 4 edo 5 postu irabaztea suposatzen du. Ez dut uste posizioak horrenbesteko garrantzia duenik momentu honetan, bai ordea, egiten duzunarekin eroso sentitzea. Ondo sentitzen bazara, emaitzak iristen dira”.