Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Marko Dmitrovic: "Gure bertsiorik onena berreskuratzen badugu, edozeinen aurka lehiatu eta irabaz dezakegu"

Serbiako atezainaren ustetan, "Huescak merezi baino puntu gutxiago ditu"

Marko Dmitrovicek agerraldia egin du asteazken honetan Atxabalpen asteko bigarren lan saioaren ostean. Larunbatean Huescaren aurka jokatuko duen neurketaz (Ipurua, 14:00) haratago ez du pentsatzen, eta zera adierazi du: "Gure bertsiorik onena berreskuratzen badugu, edozeinen aurka lehiatu eta irabaz dezakegu".

Elxen aurkako porrota "kolpe gogorra" izan zela onartu du atezainak, baina “atzean utzi behar dugu. Egin genituen gauza positiboak atera ditugu eta akatsak ere ikusi ditugu. Akats kopurua murriztu eta larunbatean lehiatzeko mailarik onenean egon nahi dugu”.

Armaginek bolada txarra eten nahi dute Huescaren aurka. "Gure ideia irabaztea da beti. Baina futbolean ez dago pentsatzeko astirik. Larunbateko partida zuzen baten aurka dugu. Haiek ondo jokatzen dute eta merezi baino puntu gutxiago dituzte. Gure bertsiorik onena berreskuratu behar dugu, mailarik onenean gaudenean edozeinen aurka lehiatu eta irabaz dezakegulako”, aitortu du Dmitrovicek.

"Hiru puntu baino gehiago dira. Garaipena eskuratuz gero, helburura hurbiltzeko beste urrats bat eman dezakegu. Aurkari zuzen bati irabazi, golaberaxa geureganatu aurkaria punturik batu gabe utzi”.

Dmitrovicek adierazi duenez, "Denboraldi hau aurrekoen ezberdina da. Publikorik ez egoteak talde guztiei eragiten die. Etxean puntu gutxiago lortzen dira. Aurkari zuzenen aurka lehiatu garenean ez gara egongo boladarik onenean eta horrek ez digu lagundu”. Hala ere, “irabazten saiatuko gara, aurrean dagoen aurkariak ez du axola, ligako guztien aurka batu dezakegula ikusi baitugu".

"Denboraldi hau oso justua izango da puntuazioari dagokionez. Amaierara arte ez da jakingo nor jaitsiko den. Alderdi mentala oso garrantzitsua da. Bolada txarrak pisua du, baina mozteko mentalitatea dugu".

Horretarako, armaginek oso garrantzitsutzat jo dute "estrategia, banakako akatsak edo ate aurrean asmatzea". "Asko jaurtitzen dugu atera, baina gutxitan asmatzen dugu hiru zutoinen artean. Ez diogu aurkariaren atezainari lan eginarazten".

Huescari buruz esan du, "Entrenatzaile aldaketa baino lehen oso ondo jokatzen zuten. Pachetarekin gauzak ondo egiten jarraitu dute, baita hobeto ere, eta garrantzitsuena puntuak lortu dituzte. Joanekoan gauzak oso zail jarri zizkiguten. Azkenak dira, baina ez zait iruditzen ligako talderik txarrena direnik".

Arlo pertsonalean, "Nire laugarren denboraldia da eta bikain sentitzen naiz. Uste dut nire sasoirik onena dela iritsi nintzenetik. Egia da beste urte batzuekin alderatuta puntu gutxiago ditugula. Baina pertsonalki ondo nago eta gogor jarraituko dut lanean taldeari behar duen guztian laguntzeko".

"Eskarmentuan irabazi dut gehien. Egun bakoitza ikasketa berri bat da. Ehun partida baino gehiago ditut ligan, entrenamendua eta partida bakoitza ikaskuntza bat da. Munduko onenen aurka lehiatzeak laguntzen du. Arlo fisikoa eta teknikoa lantzen ari naiz atean, eta hobera egin dudala uste dut".

Bere etorkizunaren inguruan, "Oraingo denboraldian zentratuta nago. Zaila izaten ari da eta ezin dut beste ezertan pentsatu. Oso helburu argia dugu: mailari eustea. Uste dut denboraldi zailena izan daitekeela puntuazioari dagokionez, lehen mailara iritsi nintzenetik. Helburua lortzen denean hitz egiteko denbora egongo da".

Zaleei mezu bat bidali nahi izan die atezainak: "Gugan konfiantza dute eta nabari dugu. Bai haiek eta bai gu kezkatuta gaude puntuekin. Uste dut merezi baino puntu gutxiago ditugula. Baina ez izan zalantzarik dena utziko dugula zelaian. Klubari eta zaleei poza eman nahi diegu ".