Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Landutako garaipena Celtaren aurka (1-0)

Enrichen gol batek hiru puntuak eman dizkie armaginei azken minutuetan

Eibarrek Celta mendean hartu du Ligako 26. jardunaldian. Armaginek ez dute hutsik egin etxean eta helburutik gerturatzen dituzten hiru puntu garrantzitsu lortu dituzte gaurkoan. Mendilibarren mutilak gehiago izan dira lehia osoan zehar. Garaipenaren gola, ordea, azken minutuetan iritsi da. Enrichek aldaratze bat jaso du area txikian eta Blanco gainditzea lortu du.

Celtak aukera garbia izan du hasi eta berehala. Méndez bakarrik gelditu da Dmitrovicen aurrean baina atezainak erantzun bikaina eman dio jaurtiketari. Eibarrek laster erantzun du Cucurellaren bitartez. Bartzelonak utzitako jokalariak ezkerkada batez saiatu da baina Blanco adi egon da atepean. Armaginek kontrolpean zuten lehia nahiz eta ate aurrean ez diren guztiz fin ibili.

Minutu batzuk beranduago, Enrichek taldea aurreratu du markagailuan baina epaileak baliorik gabe utzi du VAR teknologiarekin kontsultatu ondoren. Celtak bien bitartean kontraeraso arriskutsu baten bitartez saiatu da. Maxi Gómezek langara bidali du jaurtiketa.

Bigarren zatian, eibartarrek aurrerapausoa eman dute eta aurkako zelaian sartu dira. Erdiraketen bitartez min egiten saiatu dira. Charlesek abagune garbia izan du area barruan aldaratze bat jaso eta gero baina erremateak kanpora ihes egin dio. Handik gutxira, epaileak penaltia adierazi du armaginen alde. Charlesek gora bota du jaurtiketa.

Mendilibarren, aldiz, ez dute amorerik eman eta golaren bila lanean jarraitu dute. Hala, azken minutuetan saria iritsi zaie. Cardonaren banakako jokaldi on batek Enrichi aukera utzi dio. Aurrelariak baloia sare barrura bidali du eta hiru puntuak etxean gelditu dira.