Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: "Taldeak konfiantza eta ilusioa transmititzen du biharko partidari begira"

“Defentsiboki oreka bat mantendu behar dugu eta oreka horretatik izango dugu garaipena lortzeko aukera”, adierazi du entrenatzaile armaginak

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du bihar Athletic Cluben aurka Ligako hogeita seigarren jardunaldia jokatu aurretik. Neurketa bihar jokatuko da 11:00tan Unben.

Entrenatzaile armagina Athleticen aurka bihar jokatuko den partidaren inguruan mintzatu da. “Partida berdindua izango da”. “Nahiz eta guk Lezaman irabazi, beraiek momentu askotan erosoago egon ziren, baina orain guk etxean jokatzen dugu eta horrek agian beraiek hain eroso ez sentitzeko aukera hori ematen digu”, aitortu du.

Horren harira, eta lehen itzuliko Athletic ezberdin bat espero duen galdetuta, “gure partidua Iraia Iturgiren lehenengo neurketa izan zen”, erantzun du. “Denbora pasa da, Iraiarekin hamar partida jokatu dituzte eta berak nahi duena taldean ikusten da esta beste partida mota bat izango da”, adierazi du.

Zentzu horretan, eta garaipena eskuratzeko giltza non egongo den galdetuta, “defentsiboki oreka bat mantendu behar dugu eta oreka horretatik izango dugu garaipena lortzeko aukera”. “Badakigu aukera gutxi egin behar dizkigutela eta hor egondo da giltza”, esan du.

Errealari irabazi ostean taldea nola dagoen galdetuta, “partida hori irabazi izanak lasaitasuna eman digu lanean jarraitzeko”, erantzun du. “Denbora asko egon gara irabazi gabe eta etxetik kanpo irabazteak ere poztasuna eman digu”. Zentzu horretan, “taldea ondo dago, pozik eta gogotsu ikusten da eta konfiantza eta ilusioa transmitizen du”, aitortu du.