Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: "Partida guztietan amaierara arte aukerekin iritsi nahi dugu"

Armaginen entrenatzaileak jokalari guztiak prest ditu Espanyolen aurkako partidarako

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eman du Espanyolen aurkako neurketa jokatu aurretik (larunbata, 11:00). Taldea"gogotsu" ikusten du entrenatzaileak eta helburu argi batekin ekingo diote lehiaketari, "partida guztietan amaierara arte aukerekin iritsi nahi dugu".

Etxeko azken porrotaren ostean, taldeak azken bi jardunaldietako sentsazioak berreskuratu nahi ditu. "Etxean porrota jasotzetik gatoz, eta oraindik gogoan dugu. Ez genuen partida ona jokatu, baina amaierara arte izan genituen aukerak", aitortu du Dorronsorok.

Armaginek biharko aurkaria ezagun dute aurredenboraldian haien aurka aritu baitziren. "Espanyol ondo antolatutako taldea da eta ideiak argi ditu. Zaila da min egitea, baloirik gabe talde gogorra da, ondo landutako Zelai erdian jende asko dute, eta baloiarekin bertikalak izaten saiatzen dira".

Entrenatzaile gipuzkoarraren ustez, "lehenengo minututik kontzentratuta sartu beharko gara eta ondo hasi. Adi egon beharko dugu, bai lehen baloian eta baita bigarrenean ere. Defentsan ondoen dagoen taldeak asko izango du irabazia".

Dorronsororen neskek egutegiaren zati gogorra hasiko dute, bost partida jokatuko dituzte bi aste eskasetan, eta Bartzelona, Real Madril eta Atletico izango dituzte aurkari, besteak beste. "Hurrengo partidan zentratu behar dugu, ez hainbeste datozen bi asteetan, partida asko baititugu. Partida bakoitza final bat da guretzat eta guztietako amaierara aukerekin iristea da gure helburua".

Hala ere, "talde orekatua dugu, lerro guztiak oso konpentsatuak ditugu. Eta horrek datozen asteei aurre egiteko orduan lagunduko digu", adierazi du.