Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Hiru puntu denboraldiko azken neurketan Ipuruan (3-1)

Eibarrek Real Valladolid garaitu eta sailkapenean aurreratu du

Eibarrek Real Valladolidi irabazi dio Ligako 37. jardunaldian. Armaginek era ezinhobean amaitu dute denboraldiko azken partida Ipuruan. Hiru puntuekin batera Pucelako taldea aurreratzea lortu dute. Mendilibarren mutilak eraginkorrak izan dira lehen zatian eta arerio gogorra izan badute ere, garaipena eskuratu dute Bigasen, Inuiren eta De Blasisen golei esker.

Lehen zatia irekia eta abagunez betea egon da. Biek lehena egiteko aukerak izan dituzte, baina Eibar izan da gola egiten aurrena. Pedro Leónek erdiratutako kornerra bikain errematatu du Pedro Bigasek lehen zutoinean, baloia sare barrura bidaliz Kanpoko taldeak ondo ekin badio ere, Mendilibarren mutilak eraginkorragoak izan dira lehen zatian. Gainera, minutu batzuk geroago Inuik bigarrena eskuratu du, Valladolideko atzelarien gaizkiulertuaz baliatu eta gero.

Bigarren zatian, Real Valladolidek golaren bila jarraitu du. Eibar estu hartu du eta Yoelen ate ingurura maiztasunarekin iritsi da. Eibartarrak lana egin behar izan dute arriskua aldentzeko. 69. minutuan, ordea, epaileak penaltia adierazi du kanpokoen alde. Yoelek Sergi Guardiolaren jaurtiketa gelditu du lehen saiakeran, baina aldaratzea aurrelariari egokitu zaio berriro eta bigarrenean ez du hutsik egin.

Neurketa amaieran, Pucelako taldeak berdinketa egiteko abaguneak izan ditu baina Yoel bikain aritu da atepean. Arauzko denboratik kanpo penalti berri bat egon da, oraingo honetan Real Valladolideko arean. De Blasisek hartu du jaurtitzeko ardura. Argentinarrak ederki engainatu du atezaina eta hirugarrena eta azkena eskuratu du. Garaipenarekin Eibarrek Real Valladolid aurreratu du sailkapenean.