Skip to main content
EU
Kluba

GOL-FESTAK (XXIX). Gol zaparrada liderraren aurka

Eibarrek 6-1 irabazi zion Real Unioni 1967ko urtarrilaren 22an

1967ko urtarrilean Eibarrek Hirugarren Mailako liderra zen Real Union jipoitu zuen Ipuruara egindako bisitan (6-1).

Hemezortzigarren jardunaldia zen eta Real Union porrot bakarrarekin iritsi zen Eibarrera. Galdu arren, lidergoari eutsi zion armaginekiko bi puntuko aldearekin.

Kroniken arabera, aldea handiegia izan zen bi taldeen merituak kontuan hartuta. Hasieran, Real Unionek hainbat aukera izan zituen eta Eibar baino gehiago izan zen.

Lehen zatiko berrogeigarren minutura arte ez zen markagailua ireki, ordea. Ucinek jaurtitako korner batean Arroyabe atzelariaren burukadak Eibar aurreratu zuen. 2-0ekoa hiru minutu geroago iritsi zen, Juanjo Arrieta bergararrak hasitako jokaldi baten ostean, Aranegik ez zuen hutsik egin. Markagailu horrekin iritsi zen atsedenaldira.

Bigarren zatian, Eibarrek bere aurkaria mendean hartu zuen. Arrietak berak 3-0ekoa sartu zuen lehen minutuan Araneguiren jaurtiketa baten aldaratzea jaso ondoren. Handik gutxira, Cienfuegos eskuin hegaleko irundarrak aldea murriztu zuen 3-1ekoa ezarrita.

Handik 20 minutura, Ucinek 4-1ekoa lortu zuen Araneguiren pase baten ostean eta minutu bat geroago, Aldanondok bosgarrena eskuratu zuen. Arrietak markagailua itxi zuen, 27. minutuan Vallejo atezainari izkin egin eta baloia atean sartuta.

Eibarren hamaikakoa: Murguiondo, Arguiñano, Muñoa, Castillo, Aldanondo, Aranegui, Arroyabe, Ucin, Arrieta, Lamata eta Iceta. Bigarren zatiko 36. minutuan, Arguiñano atzelari armaginak min hartu zuen eta zelaia utzi behar izan zuen. Eibarrek jokalari bat gutxiagorekin bukatu behar izan zuen lehia.

Real Unionen hamaikakoan 18 urteko gazte bat nabarmendu zen, Javier Iruretagoyena "Irureta". Denboraldi horren amaieran Atletico Madrilekin fitxatuko zuen. Bertan zortzi denboraldi jokatuko zituen eta ondoren beste bost Athleticen. Madrildarrekin bi liga, Kopa bat eta Kontinentearteko Kopa bat lortu zituen. Futboletik erretiratu ondoren, entrenatzaile gisa ibilbide oparazoa izan zuen, besteak beste, Athleticeko, Realeko, Celtako edo Coruñako Deportivoko teknikaria izan zen. Talde horrekin liga bat, Superkopa bat eta bi Errege Kopa lortu zituen.

Ligaren amaieran, Eibarrek eta Real Unionek 48 punturekin berdinduta bukatu zuten, baina eibartarrak izan ziren lehenak, hutsean berdindu baitzuten Galen.

*Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide den Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.

Argazki-oinak

- Javi Muñoa elorriotarra

- Juanjo Arrieta bergararra.

- Ángel María Arguiñano donostiarra.