Skip to main content
EU
Lehen Taldea

GOL-FESTAK (XVI). Hirugarren gol-festa bi hilabete baino gutxiagoan

Eibarrek 9-0 irabazi zion Beasaini 1960ko abenduan

Eibarrek 9-0 irabazi zion Beasaini Ipuruan 1960ko urriaren eta abenduaren artean bizitako gol-festa izugarrien amaiera borobiltzeko.

Epe labur horretan, talde armaginak 22 gol alde eta 5 kontra lortu zituen Alfaro (7-3), Recreación (6-2) eta Beasain (9-0) taldeen aurka.

Beasainen aurka gainera, armaginek gol-zaparrada handia lortu zuten Angel Linzoain lesionatuta egon arren.

Euri asko egin zuen partidaren aurreko egunetan, baina Ipurua nahiko egoera onean zegoen. Eguraldia hotza zen eta inguruko mendiak elurtuta zeuden. Partida Moso epaileak zuzendu zuen eta bere lana oso protestatua izan zen.

Atsedenaldian 2-0koa zen markagailua. Gol-zaparrada bigarren zatian izan zen zazpi tanto gehiagorekin.

Golak: 1-0 20’ Iribar. 2-0 25' Beitia. Bigarren zatian, Sanzek hirugarrena eign zuen (5’). Ondoren. Aguirrek Zubietak erdiratutako falta bat errematatu zuen (17’). Minutu batzuk geroago, berriz ere Aguirrek Alberto, Kaiku eta Beitiaren arteko jokaldia errematatu zuen. Seigarrena eta zazpigarrena Beitiak egin zituen, eta azken biak, aldiz, Iribarrek eta Aguirrek, neurketako azken minutuetan.

Partidako azken zazpi minutuetan, Eibarrek lau gol sartu zituen. Bederatzi gol jaso arren, Beasaingo jokalaririk onena Imaz atezaina izan zela azpimarratu zuten kronikek, lau edo bost abagune salbatu zituelako.

Eibartarren hamaikakoa honakoa izan zen: Javier, Abasolo, Jainaga, Zubieta, Kaiku, Osa, Beitia, Alberto, Aguirre, Osa eta Sanz. Aurrelari titularra, Angel Linzoain bergararra, lesionatuta zegoen egun horretan, baina taldekideek ez zuten bere falta nabaritu.

Eibarren atzealde sendoa nabarmendu zuen, Javierrek ondo defendatu zuen atea eta Zubietak eta Jainagak neurketa serioa egin zuten. Horrez gain, Kaiku kapitainaren eta Osaren lan ona nabarmendu zen. Aurrealdean, aldiz, Aguirre neurketa borbila egin zuen. Hiru gol eskuratu zituen. Hala ere, kronikek motela zela eta gol gehiago sartu zitzakeela leporatu zioten.

Beasainen aurka jokatu ondoren, Eibar bigarren zen sailkapenean Alavesen atzetik, lau puntura, eta Alfaro eta Iruñarekin berdinduta. Taldeak hirugarren amaitu zuen denboraldia, Vitoria txapeldunordearengandik bi puntura. Gasteiztarrek Alaves txapeldunarekin batera 2. mailara igotzeko fasea jokatu zuten.

Zenbakiek armaginak oso talde irregularra zenaren adierazle dira. Hogeita hamar partidatan hiru bakarrik berdindu, hamazortzi irabazi eta bederatzi galdu zituen, 82 aldeko eta 50 kontrako golekin. Bestalde, Beasainek hirugarren postua eskuratu zuen eta Ilintxa legazpiarraren aurkako kanporaketa baten ondorioz erregionalerako jaitsieratik salbatu zen.

Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.

Argazkiak

- Eibarren abagunea Beasainen.

- Javier Lopez Eibarreko atezaina.

- Iragarki-kartela Javier de Isasi tabernan.