Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Gogo handiak ditugu gure zaleen aurrean partida ona egiteko

Entrenamendua bukatu eta gero Peñak prentsaurrekoa eman du komunikabideen aurrean

Pasa den asteburuan ligako lehen partida jokatu eta gero, armaginek ilusio handiz ekingo diote larunbateko neurketari Ipuruan. Rubén Peñak, komunikabideen aurrean emandako prentsaurrekoan azkenengo partidaren balorazioa egin du: “Coruñan porrota jaso eta gero, handik zerbait gehiago atera ahal genuelako susmoa genuen, berdinketara arte nagusi izan ginelako. Hori iragana da, larunbatean norgehiagoka polita izango dugu”. Mendilibarrek partidu ostean izandako erreakzioari buruz ere mintzatu da erdilaria: “Entrenatzaileak gainditu behar ditugun alderdiak azpimarratu ditu, kontzeptuak hartu behar ditugu. Pasa den urteko entrenatzaile berbera da, oinarri, ilusio eta gauzak ondo egiteko gogo berdinekin”.


Larunbatean Ipuruako lehenengo partida jokatuko da. Estadioko harmaila oso bat obratan dago; horregatik, taldeak ezin izan du bere zelaian denboraldi-aurreko lagunarteko partidarik jokatu. Peñak adierazi duenez, “azkenean ezin izan dugu lagunarteko neurketarik jokatu obrak direla eta, baina badakigu klubaren onerako eta hobera joateko direla. Gogo handiak ditugu gure zaleen aurrean partida ona egiteko. Nik uste dut neurketa guztiak direla garrantzitsuak eta hiru puntuak lortzen saiatu behar gara beti. Anbizioa izan nahi dugu eta sailkapenean ahalik eta gorenen iritsi”. 
Larunbateko Valentziaren kontrako partidaren inguruan, “Valentzia lehen mailako talderik garrantzitsuenetako bat” dela uste du. “Ez dira nahi bezain erregularrak izaten ari, baina erlaxatzen bazara min handia egin ahal dizute. Eurek talde ona dute baina gu ere bai eta edozein momentutan edozein talde gainditu dezakegu”.