Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Gehiegizko zigorra jaso du Eibarrek, nahiz eta berdinketara arte neurketa kontrolpean izan

Deporrek Ramisen hasierako gola irauli du armaginek galtzea merezi izan ez duten partidan

Eibarrek gehiegizko zigorra jaso du aurtengo Liga Santanderreko estreinaldian eta galdu egin du azkenengo minutuetan Iván Ramisen gola irauli duen Deportivoren aurka.

Armaginek Riazorren punturik lortu gabe jarraitzen dute Lehen Mailan debuta egin zutenetik eta esku hutsik bueltatu dira Coruñatik galtzea merezi izan ez duten neurketan.

Eibarrek partida kontrolpean izan du, batik bat lehenengo 60 minutuetan zehar. Izan ere, abagune garbirik sortu ez arren, partidan nagusitzen joan dira poliki-poliki aurkaria taktikoki mendean hartuz.

Horrela, bigarren zatian Iván Ramisek buruz aurreratu ditu armaginak 55. minutuan; Bebék ezkerretik kornerra atera eta atzelariak atzeraka errematatuz bidali du baloia sarera.

Gol horrek indartu egin du Mendilibarren taldea eta erabat nagusitu dira norgehiagokan. Baina 69. minutuan defentsako akats baten ostean galiziarren berdinketa iritsi da; Lucas Perezek eskuinetik falta atera eta Pedro Mosquerak bakar-bakarrik egin du errematea area txikian.

Hortik aurrera, partida oso irekia izan da eta Eibarrek arrisku gehiago sortu du, baina sortea ez da euren alde egon.

87. minutuan, Lucas Perezek arrisku handirik ez zuen jokaldi batean epaileak adierazitako penalti baten bitartez egin du 2-1ekoa eta armaginek ez dute erantzuteko ahalmenik izan.

Beraz, porrota Eibarrentzat Ligako hasieran, nahiz eta esku hutsik ez bueltatzeko merituak egin, gol guztiak geldikako jokaldietan izan diren neurketa batean.