Skip to main content
EU
Fundazioa

Garun Paralisiko taldeak Laligak antolatutako Kopan parte hartuko du

Txapelketa asteburu honetan jokatuko da Bartzelonako Pineda de Mar-en

SD Eibarreko GP taldeak otsailaren 20an ekin zion berriro entrenamenduei Anexoko zelai berrian. Ander Romarate futbol egokituaren arduradunaren ustez, "Beharrezkoa zen normaltasunera itzultzea, azken entrenamendua urriaren 17an izan zen". Ipuruan egindako azken saioek taldea sasoian jartzeko balio izan dute, asteburu honetan, apirilaren 3an eta 4an, Pineda de Mar-en (Bartzelona) jokatuko duten txapelketarako.

Garun paralisia eta kalte zerebrala duten pertsonen Espainiako FederazioaK antolatutako Kopa 7 taldek jokatuko dute. Asteburu honetako partidetan erabakiko da nork lortuko duen txartela maiatzean Malagan jokatuko den finalerako.

SD Eibarren GP taldea ostiralean aterako da Pineda de Mar-era honako partida saio honekin:

- Apirilak 3, 12:30: Rayo Vallecano-SD Eibar

- Apirilak 3, 17:00: SD Eibar-Disport Futbol Club

- Apirilak 4, 09:30: Extremadurako Federazioa-SD Eibar

Bigarren denboraldia da armaginek txapelketa honetan parte hartuko dutena. Romarateren hitzetan kalitatean irabazi du taldeak "egia esan, iazkoarekin alderatuta asko hazi gara, 8 jokalari izatetik 14 izatera pasa gara. Maila asko igo da, oraindik ez gara lehiatu, baina sentsazio onak ditugu".

Hamalau jokalarietatik seik debuta egingo dute. Ostiral arratsaldean sailkapen funtzionala egingo dute, joko-kategoria zehazteko. Hiru ezgaitasunaren arabera hiru kategoriatan sailkatzen dituzte. Afektazio handieneko jokalariak 1. Kategorian sailkatzen dira, eta afektazio txikienekoak, berriz, 3. kategorian. Araudiaren arabera, gutxienez 1. kategoriako jokalari batek egon behar du zelaian, eta gehienez 3. kategoriako jokalari batek.