Skip to main content
EU
Kluba

Garagarza: Talde indartsua eta lehiakorra dugu

SD Eibarreko Kirol Zuzendariak fitxaketen merkatuari buruz hitz egin du

Fran Garagarza, SD Eibarreko Kirol zuzendariak, prentsaurrekoa eman du gaur merkatuari buruzko balorazioa emateko. "Talde indartsua eta lehiakorra" ikusten du, "gustura gaude daukagunarekin" azaldu du. Jokalarien balorazio oso ona egiten duela gaineratu du, eta postu ezberdinetan jokatu dezaketen hainbat jokalari daudela.

24 jokalarik osatzen dute lehen taldea, batezbeste 27,42 urtekoak, "gazteak baina esperientziadunak". Bigarren taldeak, aldiz, 22 jokalari ditu, 21,66 urteko batezbestekoarekin. 

Horrez gain, sei jokalari fidelizatu ditu, edo utzita daudenak: Lehen mailan Nano Mesa, Levanten; lau Bigarren mailan, Pablo Hervias Valladoliden, Unai Elgezabal eta Pere Milla Numantzian, eta Jordi Calavera Gijongo Sportinen; eta bat Hirugarren Mailan, Anaitasunan ari den Iñigo Susaeta. 

Garagarzak Ligan beste denboraldi batez mantetzeak zein zailtasun dituen aztertu ditu. "Iruditzen zait aurten mailari eusteko iaz baino puntu gehiago beharko direla. Maila igo egin dela iruditzen zait, igo diren hiru taldeek jokalari talde politak osatu dituzte. Fitxaketa onak egin dituzte. Denontzako urte gogorra izango da, eta denok egin beharko dugu arraun norabide berean mailari eusteko, urtetik urtera zailagoa baita". 

Capari buruz galdetuta, "bere aurrean zutik jarri beharko genuke. Mutil aparta da. Toki ezberdinetatik galdetu digute, interes handia egon da jokalariarengan, baina zazpi egin ditu hemen gurekin. Denboraldi honetan ere gurekin izango da, eta hori da guk nahi genuena. Dena emango duela ziur naiz. Esfortzu handia egin du hemen jarraitzeko", azaldu du. 

Levante UDra utzita joan den Nano Mesari buruz esan du "Eibarrera itzuli da. Mutil gaztea da, maila handikoa, eta albiste pozgarria da Lehen Mailan jarraitzea. Oraindik ere hobetzeko tartea dauka".