Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak golik gabe berdindu du Athletic-en aurka (0-0)

Gehiago izan diren arren, puntu bakarra eskuratu dute armaginek bigarren sailkatuaren etxean

Emakumezkoen lehen taldeak golik gabe berdindu du Ligako 24. jardunaldian. Armaginek maila ikusgarria erakutsi dute, aurtengo denboraldian etxetik kanpo egindako partidarik borobilenetariko batean. Abagune asko izan dituzte eibartarrek markagailuan aurretik jartzeko baina azken uneetan zortea aldeko falta izan zaie, eta ezin izan dituzte hiru puntuak eskuratu.

Eibartarrek ongi egin diote lehiari, erritmo handiz. Hasieran, baloiaren jabetza partekatu dute bi taldeek baina denborak aurrera egin ahala, Eibar gehiago izan da. Aukera garbiak izan ez dituzten arren, aurkariak indargabetu dituzte. Gainera, lehen zatiaren amaiera gertu zela, Honokak gola egiteko abagune dotorea izan du Anetoren erdiraketa errematatu ondoren. Bere jaurtiketa, ordea, kanpora joan da.

Bigarren zatian, Xuba Peñak zuzendatuko neskek hasiera aparta egin dute. Athletic-en baloi irteera gogor estutu dute, goi presio bikaina eginez. Armaginen planteamenduaren emaitza laster iritsi da. Izan ere, horren ondorioz heldu dira nesken aukera garbienak. Gutxienez sei abagune garbi izan dituzte eibartarrek markagailuan aurretik jartzeko. Gaurkoan, ordea, ez dute zortea aldeko izan.

Hasi eta berehala, Irantzuk lehena egiteko parada izan du area barruan jaurtiketa bortitza egin eta gero. Handik minutu eskasera, Anetok beste abagune nabarmena izan du bakarkako jokaldian. Taldearen minuturik onenak izan dira, gola besterik ez zen falta. Irantzuk izan du bere eskuetan garaipenaren gola, baina dena alde zela zirudienean, bere erremateak zutoinarekin egin du topo. Bultza eta bultza ibili dira eibartarrak.

Athletic, aldiz, ez da Iratxeren ate ingurura gerturatu bigarren zatian. Azken minutuetan baina, garaipena eskuratzeko aukera izan du geldikako jokaldi batean. Zurigorriek, ordea, ez dute baloia sareratzen asmatu eta azkenean, neurketa berdinketarekin amaitu da.