Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak bana berdindu du Alavesen aurka (1-1)

Sara Tazo armagin ohiak Eibarren garaipena ekidin du azken hatsean

Emakumezkoen lehen taldeak bana berdindu du Ligako bosgarren jardunaldian. Jordi Telletxearen neskak beti bezaian lehiakor azaldu dira gaurkoan aurkari zuzena den Alavesen etxean. Beren ohiko jokoa eginez erritmo altua ematen saiatu dira hasieratik. Neurketa asko landu behar izan dute, ordea. Arenek amaierarako ordu laurdena falta zela aurreratu du taldea. Zoritxarrez Sara Tazok berdinketa egin du norgehiagoko azken jokaldian.

Lehen zatia aurkariaren zelaian jokatzen saiatu da Eibar. Taldea hegaletatik erraz iritsi da eta erdiraketa dezente egin ditu. Azken metroetan, aldiz, ez dute asmatu. Lehen abagune garbia Sheilak izan du hamabosgarrenean. Bere jaurtiketa gora joan da. Leyrek ere aukera ona izan du taldea aurreratzeko baina ez du asmatu eta atsedenaldira huts eta hutsekoarekin joan gara.

Bigarren zatian, armaginek bere lana egiten jarraitu dute. Ezker hegaletik arriskura eraman dute Telletxearen neskek. Hasi eta berehala, Leyrek langara bidali du area kanpotik egindako jaurtiketa. Eta handik gutxira, Idoiak buruz burukoa huts egin du atezainaren aurka. Eibartarrak ondo ari ziren.

Hala, 75. minutuan, markagailuan aurreratu dira neskak. Arenek etxekoen baloi irteeran presioa egin, baloia lapurtu eta ez du barkatu atea aurrean. Handik gutxira, armaginek bigarrena egiteko aukera izan dute baina ez dute asmatu.

Tamalez, neurketa amaitzear zela etxekoen berdinketa iritsi da. Lehia minutu gehiagarrietan zegoela Sara Tazoren gola iritsi da. Armagin ohiak ederki jaurti du area kanpotik eta puntu banaketa ezarri du azken jokaldian.