Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen Lehen Taldeak aurrera egin du Euskadiko Kopan

Armaginek aurre-fasea gainditu dute CD Elorrioren aurka 0-4 irabazi ostean eta final-laurdenak jokatuko dituzte

Emakumezkoen Lehen Taldeak Bigarren Mailako bigarren denboraldia modu onean amaitu du liga 6. postuan amaituz, 36 punturekin Añorgarekin berdinduta, eta kategorian sendotuz.

Liga amaiera eta gero, armaginen hurrengo helburua Euskadiko Kopa da, joan den urtean Añorgaren aurka finalean galdu zutena partidu ikusgarrian.

Emakumezkoen Euskadiko Kopako final laurdenak partidu bikoitzean jokatuko dira, maiatzaren 14 eta 21ean, eta CD Berrio Otxoa izango dute arerio moduan eibartarrek.

Elorrio 0-4 gainditu ostean iritsi dira armaginak final laurdenetara, hasiera berdintsu baten ostean armaginek guztiz nagusi izan diren neurketan. Eibartarrak entseatutako jokaldian aurreratu dira: Olatzek Estiri baloi luzea bidali dio eta honek Miriam Eibarko atezain ohia gainditu du.

Momentu horretatik aurrera, eibartarrek neurketa domeinatu dute eta Uxue eta Sararen arteko jokaldiaren ostean, azken honek 0-2 jarri du markagailuan jaurtiketa gurutzatu ostean.

Lehen zatia amaitzeko 10 minutu falta zirela, Esti hegaletik sartu da eta goitik gainditu du etxeko atezaina, 0-3 markagailuan jarriz atsedenaldia iritsi aurretik.

Bigarren zatia dinamika berarekin hasi da eta Sarak ez du asko iraun 0-4 egin arte bakarkako jokaldi baten ostean. Momentu horretatik aurrera, garaipena ziurtatuta izanik, eibartarrek euren domeinua lasaitu dute.