Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldea Athletic-i gailendu zaio markagailua irauli eta gero (1-3)

Armaginek garrantzizko garaipena lortu dute eta sailkapenaren lehen postuetan dira

Emakumezkoen lehen taldea Athletic B-ri gailendu zaio Ligako zazpigarren jardunaldian. Jordi Telletxearen neskek urrezko hiru puntu lortu dituzte arerio sendo baten etxean eta sailkapeneko lehen postuetan dira beste aste batez. Lehia, ordea, ez da guztiz ongi hasi eibartarrentzat. Izan ere, hogeigarren minutuan, Athletic aurreratu da markagailuan.

Armaginek ez dute etsi eta denbora asko gelditzen zela jakinda beren lana egiten jarraitu dute. Gauzak horrela, atsedenaldira iritsi baino lehen eibartarren berdinketa iritsi da. Areneren jaurtiketa sare barrura joan da aurkari batean jo ondoren.

Atsedenalditik bueltan, Telletxearen neskak bere ohiko jokoa egiten saiatu dira eta aurkako areara maiztasunarekin iristea lortu dute. Armaginek abagune onak izan dituzte markagailua iraultzeko. Gola, aldiz, 66. minutuan iritsi da. Idoiak ez du barkatu area barruan eta bigarrena egitea lortu du.

Minutu batzuk beranduago, Eibarrek penaltia izan du alde hirugarrena egiteko. Zoritxarrez Athletic-eko atezainak Leyreren jaurtiketa asmatu du. Hori dela eta, emozioa egon da azken minutuetara iritsi arte. Etxekoek berdinketa bilatu dute baina partida amaitzear zela, Alaitzek lasaitasunaren gola lortu du geldikako jokaldi bat errematatu eta gero, eta hiru puntuak Eibarrera etorri dira.