Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek zortzigarren postua ziurtatu gabe jarraitzen du

Eibar zortzigarren postua ziurtatu gabe geratu da

Eibarrek bere eskuetan zuen gaur bere publikoaren aurrean zortzigarren postua mantendu eta denboraldiari amaiera bikaina ematea, baina ezin izan du Sporting gainditu. Talde asturiarrak, bere aldetik, 0-1 irabazi du, baina ezin izan du Bigarren Mailara jaistea ekidin.

Armaginak ondo sartu dira neurketan, hegaletako joko onarekin eta baloiak lapurtuz, eta aurrea hartzeko aukerak izan dituzte, biak Adrianen eskutik, partiduko lehen hamar minutuetan.

Gutxika gutxika, partidua orekatuz joan da, nahiz eta baloiak Mendilibarren mutilen hanketan jarraitzen zuen.

  1. minutuan, Sportingen lehen arrisku aukeran, neurketako gol bakarra iritsi da. Moi Gomezek Burguiri pasea egin eta honek baloia gurutzatu du Asier Riesgoren aurrean.

Momentu horretatik aurrera, Eibarrek ez du ideia argirik erakutsi eta asko kostatu zaio Cuellarren atera heltzea. Bigarren zatian, gainera, Sportingek abantaila handitzeko hainbat aukera izan ditu.

Azken txanpan, bere afizioari zoriona eskaintzeko asmoz, Eibarrek esfortzua handitu du eta Sportingen atera hurbildu da. Aukera argiena 75. minutuan iritsi da, Cristian Riverak baloia zutoinera jaurti duenean.

Sportingek ondo defendatu du abantaila, baina lortutako garaipenak ez dio askorako balio izan, Leganes eta Deportivo de La Coruñaren berdinketek Bigarren Mailara jaistera kondenatu dutelako.

Partidu amaieran, Eibarren jokalari eta teknikariek Ipuruako publikoa omendu nahi izan dute eta zelai erdira irten dira afizioari euren laguntzagatik eskertzera. Horrela, guztion artean talde armaginaren historiako denboraldi onena ospatu dute.

Eskerrik asko guztioi!