Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Realaren aurka berdindu du eta 40 puntura heldu da (1-1)

Armaginek partida osoan zehar ereindako fruituak jaso dituzte azken minutuetan Jordánek egindako falta jaurtiketa bati esker

Eibarrek bana berdindu du Realaren aurka Ligako 32. jardunaldian. Armaginek txuri-urdinen gol goiztiarrari aurre egiten jakin dute eta bigarren zati bikain bat egin eta gero, merezitako saria lortu dute lehiako azken minutuetan. Jordánek maisuki jaurti du Orellanari egindako falta eta berdinketaren gola lortu du.

Reala hasi eta berehala aurreratu da. Eibarrentzat kolpe latza izan da Juanmik hamabosgarren segundua egindako gola. Txuri-urdinek lo hartu dituzte atzelari eibartarrak eta konturatu orduko baloia saretik jaso behar izan du Dmitrovicek. Erreakazionatzen saiatu badira ere, ez du erraza izan; izan ere, talde donostiarra ondo aritu da defentsa lanetan eta Eibarrek ez du ohiko jokoa egiterik izan.

Edonola ere, atsedenaldira iritsi aurretik abagune ezberdinak izan dituzte aurrelari armaginek. Cardonak eta Enrichek, ordea, ez dute asmatu area barruan egindako erremateetan.

Bigarren zatian, erritmo handiaz irten da Eibar eta aurkaria baino gehiago izan da hasieratik. Hegaletatik maiztasun handiarekin iritsi dira Mendilibarren mutilak eta jokoa aurkako zelaian egitea lortu dute. Minutu bakarrean, bi bider topatu dira zutoinarekin. Lehenik, Enrichek zutoinera bidali du area ertzean egindako burukada eta ostera, Escalantek beste aldeko postearekin topatu da area kanpotik egindako jaurtiketa batean.

Eibar nagusi izan da bigarren zatian, eta lehia amaieran, merezitako saria lortu du berdinketaren golarekin. 86. minutuan, Jordánek maisuki jaurti du falta bat eta giza-hesia gainditu ondoren, baloia sarera joan da zuzenean. Rullik ez du ezer egiterik izan. Hala, Eibarrek beste puntu eskuratu du etxetik kanpo, gaurkoak 40 puntura heltzeko balio du.