Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek puntu bakarra eskuratu du Leganesen aurka (2-2)

Armaginek ezin diote lehen zatiko errentari eutsi eta berdinketa lortu dute amaieran

Eibarrek bina berdindu du Leganesen aurka Ligako 21. jardunaldian. Armaginek etekina atera diote lehen zatiari. Aukera handirik egin gabe 0-2 aurreratu dira. Atsedenalditik bueltan, ordea, etxekoek abiadura handiagoa eman diote norgehiagokari eta bigarren zati hasierako erreakzioa dela medio, lehia berdintzea lortu dute.

Lehen zatiak ez du aukera garbirik izan. Norgehiagoka lehiatsua izaten ari zen Kike Garcíak eibartarrak aurreratu dituen arte. Cuencako aurrelariak era ezinhobean burukatu du Jordánek eskuin hegaletik ipinitako kornerra eta markagailuan huts eta batekoa ezarri du.

Handik gutxira, eta geldikako jokaldi batean berriro ere, Mendilibarrenen bigarrena iritsi da. Jordánek falta jaurtiketa dotorea egin du gizahesia gaindituz eta hala, errenta handitzea lortu du atsedenaldirako minutu gutxi falta zirela.

Tamalez, bigarren zati hasiera zorigaiztoko izan da Eibarrentzat. Hasi eta berehala, En-Nesyrik markagailuko errenta murriztea lortu du ezker oinez egindako jaurtiketa baten ondoren. Baloiak zutoinean jo ondoren sare barrurako norantza hartu du. Leganesek gogor eutsi dio neurketari eta abagune garbiak izan ditu lehia berdintzeko.

Eibarrek ahalmoduan eusten saiatu da. De Blasis hirugarrena egiteko gertu egon da. Baina azkenean Leganes izan da berdinketa lortu duena. Bigarrenez En-Nesyrik armaginen hutsari etekina atera dio eta burukada on batez norgehiagoka berdindu du. Hala, amaieran puntu banaketa izan da Butarquen.