Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek liderraren aurka galdu du (3-0)

Armaginek ezin izan diote blaugranen kalitateari aurre egin

Eibarrek Bartzelonaren aurka galdu du Ligako 19. Jardunaldian. Armaginek minutu luzetan irudi ona eman duten arren, ezin izan dute liderraren eraso arriskutsuak gelditu eta lau jardunaldi jarraian porrotik jaso gabe egon ostean, ez dute punturik eskuratzerik lortu liderrari egindako bisitan.

Lehia hasieran, Eibarrek gauzak ondo egin ditu. Mendilibarren mutilen presio altuak Bartzelona Riesgoren atetik urrundi du eta aurkako atetik gerturatu. Eibartarrak Ter Stegenen ate ingurura iristen saiatu dira, baina ez dute abagune garbirik sortu.

Etxekoen lehen gerturatze argian, ordea, Bartzelonaren gola iritsi da. Luis Suárezek ederki gainditu du Arbilla eta Riesgoren aurrean ez du barkatu. Eibar, baina, berehala erreakzionatzen saiatu da eta handik gutxira gertu izan da Enrich burukada eder batez berdinketaren gola egiteko.

Bigarren zatian, armaginak berdinketaren bila atera dira. Baina atzean izandako bi akatsen ondoren, Bartzelonak errenta handitzea lortu du. Messik lortu du Bartzelonaren bigarrena area barruan jaurtitako ezkerkada baten ostean. Eta hirugarrena, aldiz, Suárezek egin du. Sergi Robertok azkar atera du alboko saketik eta uruguaiarrak Riesgo gainditu du.

Eibar azkenera arte saiatu da, ordea. Baina Ter Stegenek behin eta berriro ekidin ditu saiakera guztiak. Atezainak erantzun bikaiana eman dio De Blasisek area barruan egindako burukadari eta ostera, Kike Garcíak egindako erremateari. Hala, neurketa hiru eta hutsekoarekin amaitu da.