Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek lehenengo porrota jaso zuen Ipuruan Osasuna serio eta eraginkor baten aurka

Armaginak partidako lehen minutuan aurreratu ziren

SD Eibarrek lehenengo porrota jaso zuen Ipuruan defentsan txukun eta erasoan eraginkor ibili zen Osasuna baten aurka.

Neurketa ezin hobeto hasi zen armaginentzat. Minutu erdi ere ez zuen Gonzalo Escalantek behar izan markagailua irekitzeko. Argentinarrak area kanpoan jaso zuen baloia eta jaurtiketa indartsua egin zuen. Baloiak langan jo eta sare barrura joan zen.

Baina golak ez zituen nafarrak kikildu. Alderantziz, suspertu egin zituen eta neurketan nagusitzen joan ziren, nahiz eta aurkariaren area ingurura ailegatzeko sakontasuna falta zitzaien. Berdinketa geldikako jokaldi baten ostean iritsi zen, 28. minutuan. Sergio Leónek defentsa gorritxoa lekuz kanpo zegoela baliatu zuen burukada baten bitartez 1-1ekoa egiteko.

Handik eta lau minutu eskasetara, Kordobako aurrelariak bigarrena egin zuen, arrisku handirik ez zuen jokaldi batean, Asier Riesgok baloia urruntzerako orduan egindako huts egitea aprobetxatu eta gero.

Orduan Eibar berdinketaren bila joan zen eta baita lortu ere. Lehen zatiko azken jokaldian, Sergi Enrichek buruz errematatu zuen Bebék ezker hegaletik jarri zion baloia eta 2-2koa egin zuen, lehen 45 minutuetan armaginek izan zuten aukera garbi bakarrean.

Bigarren zatian Mendilibarrek beste aurrelari bat zelairatu zuen, Nano Mesa, sakontasun eta abiadura handiagoa bilatuz. Baina Eibarrek ez zuen norgehiagokaren kontrola lortzen eta Osasuna izan zen euren hirugarren abagunean hirugarren gola sartu zuena. 58. minutua zen eta Roberto Torresek, atzelari armaginen hanka sartze berri baten ostean, maisutasunez baloia kontrolatu eta Riesgo gainditu zuen.

Denbora asko geratzen zen oraindik eta Mendilibarren taldea saiatu zen, baina alferrik. Azken txanpan Eibarrek aukeraren bat izan zuen eta zaleek penaltia eskatu zuten Pedro Leónen jokaldi batean, baina nafarrak ondo kokatuta zeuden eta defentsan serio. Minutuak pasatuz joan ziren eta Osasunak denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen egun txarra izan zuen Eibar baten aurka.