Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek golik gabe berdindu du Valentziaren aurka (0-0)

Armaginek landutako puntua lortu dute Mestallan

Eibarrek golik gabe berdin du Valentziari eginiko bisitan, Ligako 35. jardunaldian. Armaginek meritu handiko puntua lortu dute laugarren saillkatuaren etxean. Mendilibarren mutilek talde lan bikaina egin dute arlo defentsiboan, erasoan baina ez dira guztiz ondo ibili eta saiatu badira ere ez dute lortu valentziarren atea zulatzea.

Lehen zatiak ez ditu aukera askorik izan. Eibarrek ongi ekin dio neurketari eta ohiko goi presioa eginez, etxekoen baloi irteera oztopatzen saiatu da. Armaginek Turiakoen eraso saiakerak deuzestatu dituzte lehen zatian. Aukera garbiena 12. minutuan iritsi da etxekoentzat. Rodrigok bizkarra hartu die atzelari eibartarrei eta area barruan sartu da baina bere jaurtiketa gutxigatik atera da kanpora.

Armaginak erantzuten saiatu dira berehala. Lehen zatiko garbiena Pedro Leónek izan du azken ordu laurdenean. Mulako jokalariak urruneko falta baten bitartez, Neto ustekabean harrapatzen saiatu da. Atezain portugaldarrak, ordea, sekulako erantzuna eman dio Leónen jaurtiketari. 

Bigarren zatian, Eibarrek lan handia izan du Valentziaren erasoei eusten; izan ere, etxekoek asko bultza dute garaipenaren gola lortu ahal izateko. Talde lan handiaz gain, Yoelek egindako geldiketak erabakiorrak izan dira atea hutsean utzi ahal izateko. Hamaika hilabeteren ostean, atezain galiziarrak hasieratik jokatu du eta ezinhobeto moldatu da bere itzuleran. Lau geldiketa bikain egin ditu markagailuari eusteko.

Amaiera iristen ari zela, irekitzen joan da norgehiagoka eta horrek kontraerasora jotzeko aukerak eman dizkio Eibarri. Abagunerik garbiena Kike Garcíak izan du azken hatsean. Orellanak eskuin hegaletik jarritako erdiraketa orpoz jo du aurrelariak. Bidean, ordea, Montoyak ateratzea lortu du. Gauzak horrela, hutsean amaitu da neurketa eta Eibarrek meritu handiko puntua lortu du.