Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Girona hartu du mendean neurketa borobila egin eta gero (3-0)

Armaginek beren alderdirik sendoena erakutsita urrezko hiru puntu lortu dituzte

Eibarrek Girona hartu du mendean Ligako 22. jardunaldian. Armaginek garaipen berri bat eskuratu dute etxean eta talde lanean oinarrituta helburua geroz eta gertuago dute. Ate aurrean izandako eraginkortasunak zein defentsa lanetan erakutsitako sendotasunak erabakiorrak izan dira amaierako hiru puntuak etxean gelditzeko.

Norgehiagoka hasiera ezinhobea izan da eibartarrentzat. Mendilibarren mutilak maiztasun handiarekin iritsi dira Bonoren ate ingurura. Laugarren minutuan Orellanak taldea aurreratzeko aukera paregabe izan du, baina bere jaurtiketa langarekin topatu da. Handik gutxira, Cucurellaren txanda izan da. Kataluniarrak eskuinez egindako jauriketa gutxigatik irten da kanpora.

Minutuak aurrea egin ahala, ordea, Girona partiduan sartzen joan da eta bigarren jokaldien bitartez lehia orekatzea lortu du. Eibartarrak izan dira, aldiz, markagailuan aurreratu direnak. Lehen zatiko azken txanpan sartuak ginela, Peña Orellanaren pasea jaso du area barruan eta jaurtiketa bortitzez Bono gainditzea lortu du. Gironak berehala errekzionatu du baina Dmitrovicek erantzun bikaina eman dio Stunarik area barruan egindako jaurtiketari.

Bigarren zatiari are eta indartsuago ekin diote eibartarrek. Izan ere, hogei segundu besterik ez ditu behar izan Charlesek bigarren gola eskuratzeko. Aurrelariak Enrichen pasea jaso eta era ikusgarrian gainditu du Gironako atezaina. Ordu laurdena bete aurretik gainera, Charlesek hirugarren egin du penalti puntutik, amaierako hiru eta hutsekoa lortuz.