Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek ez du behar bezala jokatu eta kanporatzeko zorian dago

Ponferradina nagusi izan zen eta hiru goleko aldea lortu zuen. Oso zaila izango da Ipuruan emaitzari buelta ematea

Leondarrak intentsitatez eta mentalitatez indartsu hasi ziren, eta horren ondorioz goiz iritsi zen lehen gola, partidako 10. minutuan. Djordjevic eskuin aldetik arean barneratu zen eta berak amaitu zuen jokaldia, arraseko jaurtiketa gurutzatu batekin.

Ponferradinak ordena taktiko handiagoa erakutsi zuen, eta Eibar ez zen gauza izan denboraldi-hasiera honetan erakutsi izan duen intentsitate eta erraztasunarekin jokatzeko.

Etxeko taldearen bigarren erasoan iritsi zen bi eta hutsekoa. 26. minutua zen, eta Jeborrek buruz bota zuen sarera baloia, ezkerretik ateratako korner batean.

Eibar erantzuten saiatu zen, eta, baloia Ponferradinaren zelai-erdira eramatea lortzen bazuen ere, ez zen areara iristen eta ez zuen jokaldi arriskutsurik sortzen.

Bigarren zatian, armaginek zelaiaren kontrola izan zuten, baina sakontasunik gabe, eta ez ziren gauza izan arerioari arazoak sortzeko.

Aitzitik, Ponferradinak bi taldeen arteko aldea are gehiago handitzea lortu zuen. Hala, Khomtxenovsky area barruan bakarrik geratu zen, eta beheko jaurtiketa batekin gola egin zuen.

Minutuak aurrera zihoazen eta Mendilibarren taldeak ez zuen jokoan asmatzen. Bi aukera baino ez zituen izan, 75. eta 76. minutuetan, Simone Verdiren eskutik. Baina Dinu atezainak gelditu zituen italiarraren burukada aurrena, eta areaz kanpoko falta-jaurtiketa ondoren.

Partidak ez zuen ezer gehiago eskaini, eta Eibarrek Ipuruan jokatuko den itzuliko partidan buelta emateko oso zaila izango den emaitza ekarri zuen etxera.