Skip to main content
EU
Kluba

Eibarrek era ezinhobean esan dio agur denboraldiari Atleticoren aurkako berdinketarekin (2-2)

Armaginek puntu bikaina lortu dute Wanda Metropolitanon eta historiako sailkapenik onena lortu dute

Eibarrek Atlético de Madrilen aurka berdindu du Ligako azken neurketan. Armaginek meritu handiko puntua eskuratu dute Wanda Metropolitano zelaian eta era ezinhobean esan diote agur 2017-18 denboraldiari. Eibartarrak markagailuan aurreratu badira ere, etxekoek markagailua iraultzea lortu dute, baina taldeak ez du amorerik eman eta izerdi asko bota ondoren, berdinketaren gola lortu du.

Askorentzat azken partida zen honetan, Eibarrek egin du partiduko lehen gola. Lehen zatiko ordu erdia bete denean iritsi da. Kike Garcíak Oblaken irteera ederki gainditu du taldea aurretik jartzeko. Pozak, ordea, gutxi iraun du; izan ere, Fernando Torresek atsedenaldirako minutu gutxi falta zirela berdinketa egitea lortu du.

Bigarren zatian, armaginak gogotsu irten dira zelaira eta lehen minutuetan abagune garbiak izan dituzte bigarrena egiteko. Azken partida zuen Torresek, baina, bere legea ezarri du eta Dmitrovicen aurrean bakarrik geratu ostean, ez du barkatu etxekoentzat bigarrena eginez. Minutu batzuk beranduago, Atlético jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Lucas Hernándezek bigarren txartel horia ikusi eta gero.

Horretaz baliatu dira eibartarrak amorerik eman ez eta lanean jarraitzeko. Mendilibarren mutilak bultza eta bultza ibili dira bigarren zati osoan eta saria 69. minutuan jaso dute. Rubén Peñak egin du berdiketaren gola. Hegaleko atzelariak aldaratzea jaso du area ertzean eta bitan pentsatu gabe ate barrura jaurti du, gol ikusgarria eginez. Handik aurrera, bi taldeen aldetik saiakerak egon badira ere, inorrek ez du lortu sarea zulatzea. Hortaz, Eibarrek landutako puntua eskuratu du.