Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek bolada txarrari amaiera eman dio San Mamesen puntu bat gehituta (0-0)

Armaginek berdinketa eskuratu dute lan handia egin eta gero

Eibarrek Athleticen aurka berdindu du Ligako 17. jardunaldian. Zurigorrien eta gorri-urdinen arteko derbia huts eta hutsekoarekin amaitu da lan handia egin ostean. Mendilibarren mutilek azken bolada txarrari amaiera eman diote neurketa gogorra eginez eta norberaren atea hutsean utziz.

Lehen zatian jokoa Atheticen zelaian garatu da. Armaginak ondo irten dira zelaira eta joko zuzenaren bitartez, aurkako atera iristen ahalegindu dira. Lehen abagunea Pedro Leónek izan du. Hegaleko jokalariak area ertzetik jaurti du intentzio osoz, baina Unai Simón adi ibili da baloia gelditzeko. Ostera, Escalante burukada batez saiatu da arratsaldeko lehena lortzen. Bien bitartean, Athletic-i lehen zatiko erritmora egokitzea kostatu zaio.

Bigarren zatian, ordea, etxeko taldeak aurrea pausua eman du. Eibarrek ahalegin guztiak defentsa lanetan jarri ditu. Beste behin, talde osoaren lana bikaina izan da aurkariaren gola ekiditeko. 73. minutuan ordea, Ibai Gomezek gola egin du etxekoen alde nahiz eta azkenean epaileak bertan behera utzi duen VAR teknologia kontsultatu ostean.

Lehia amaieran, etxeko taldeak golaren bila bultzatu du. Mendilibarren jokalariak ofizioz jokatu dute, eta lan handia egin ostean puntua Eibarrera ekartzea lortu dute. Hala, armaginek azken bolada txarrari amaiera eman diote. Datorren ostiralean, Granadaren aurka itxiko du urtea Ipuruan.