Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek berean jarraitzen du

Eibartarrek matematikoki mailari eutsi diote eta bere gol errekorra gainditu du

Eibarrek ez du amore ematen eta denboraldi bat gehiagoz Lehen Mailari eustea lortu du matematikoki UD Las Palmasi 3-1 irabazi ostean Ipuruan.

Garaipen honekin, Eibar zortzigarren postuan mantentzen da eta Lehen Mailan lortutako gol marka onena gainditu du. Guzti hori, denboraldia amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan.

Baloia banatuta ibili da lehen minutuetan eta Kanaria Handikoek presio handia egin dute, baina Eibarek gola aurkitu du 13. minutuan eta horren konfiantza handia eman dio.

Golak erakutsi du bajek ez dutela taldearekin maila jaisten eta ez direla arazo Mendilibarrentzat. Azken partiduetan hamaikakotik kanpo egon den Antonio Lunak pase ederra eman dio Beberi, 8. jardunalditik hamaikakotik kanpo egon dena, honek azkartasunez defentsari aurrea hartu eta behetik gainditu du atezaina.

Tiago Bebe bera, oso aktiboa partidu osoan zehar, izan da protagonista 22. minutuan sartu duten bigarren golean. Bere pasea Kike Garciak sarera bidali du Aythamin jo ostean. Sarritan, horrelako golak aurrelariari emaen zaizkio, baina oraingo honetan epaileak defentsak bere atean sartu duela erabaki du.

Partidua alde jarri zaie armaginei, hegaletatik gustura jokatuz eta baloi ugari arean sartuz.

Kanariarrak martxa bat gehiagorekin sartu dira bigarren zatian eta abantaila murriztu ahal izan dute lehen aukeran, baina Livaja eta Roque Mesak ez dute asmatu ondo kokatuta zegoen Yoelen aurrean.

  1. minutuan sartu du gola Quique Setienen taldeak Mauricio Lemosen falta jaurtiketa eder batekin.

Golak sentsazio deserosoa eragin du zelaian, baina laster uxatu da, izan ere, bost minutu barru Eibarrek beste gol bat lortu du. Adrian Gonzalek denboraldiko zazpigarren gola sartu du Kike Garciari egindako penaltia aprobetxatuz.

Horiek ez dute arrisku gehiago sortu eta Eibar izan da erasotzen jarraitu duena, batez ere eskuin hegaletik, Capa eta Pedro Leonen jokaldietan, taldearen garaipenaz gozatzen zeuden Ipuruako zaletuen txalo zaparrada jasoz.

Mailari eustea ziurtatuta eta lehen hamarren artean eroso kokatuta, Eibarrek lehen zortzi sailkatuen artetik ez jaisteko helburuarekin ekiten dio azken zortzi jardunaldiei.